Markina-Xemeingo semea, "Unian" maisu
Alex Goitiandia markinar gazteak Imanol Lopezekin batera irabazi du Grand Slama, bere ibilbideko garaipenik handiena erdietsiz

Alex Goitiandiak eta Imanol Lopezek garaipen handia eskuratu zuten atzo [uztailak 13] Markinako Grand Slameko finalean, Urreisti-Basque bikoteari bi set estutan irabazita: 14-15 eta 14- 15. 24 urteko aurrelari markinarrak bere ibilbideko garaipenik handiena lortu du, eta herriko frontoia bete-beterik zegoen une historiko hori bizitzeko. Gainera txapela janzteko unea eguneko hunkigarrienetako bat izan zen, zeren eta, ilobari aitonak –Tomas Goyogana Atxitxak– jarri zion txapela buruan.
Gizonezkoen finalaren aurretik emakumezkoen kinielaren txanda izan zen, eta bertan, Helena-Arai bikotea gailendu zen Erika-Oaia, Lur-Maia eta Maite-Alize bikoteen aurka jokatu zen norgehiagokan. Kiniela emozioz beteriko lehia estu baten ostean erabaki zen. Emakumeen final handia Karmen Eguneko saioan jokatuko da [uztailak 16] eta Helena-Arai eta Erika-Oaia bikoteak ikusi ahal izango ditugu txapela lortzeko borrokan.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Goitia eta Lopez nagusi une erabakigarrietan. Final estu eta ikusgarria izan zen Markinakoa, Goitia eta Lopezek maila handiko jokoa eskaini zuten, eta azken uneko tantoetan erakutsitako sendotasunak eraman zituen garaipenera. Txapelketaren laugarren edizioa izan da aurtengoa, eta urtez-urte arrakasta handiagoa lortzen doa. Aurten ere herritaren erantzunak aurreko marka guztiak gainditu ditu; finalerako sarrerak astebete lehenago agortu ziren.
Finala bi zatitan laburbil daiteke: joko bizia eta parekatua aurreko koadroetan, eta eskarmentuaren eta ausardiaren arteko borroka atzean. Lopez zumaiarrak errebotean egindako lana erabakigarria izan zen bi setetan. Goitiak, berriz, eskumaz egindako tanto bortitzekin pilotari gisa ematen ari den jauzia erakutsi zuen. Urreistik eta Basquek azken tantorarte eutsi zioten partiduari, baina ez zen nahikoa izan.

Argazkia: Eraman Jai Alai
Lider aldaketa ligan. Finala galdu arren, Eñaut Urreisti mutrikuarrak Jai Alai Leagueko lidergoa berreskuratu du. Aritz Erkiagarekin lehia estuan dago eta bien arteko norgehiagoka estutzen doa Donostiako Final Four-a gertu den honetan. Imanol Lopezek, bere aldetik, 12. postutik 8.era egin du jauzi sailkapenean, eta horrek finaleko emaitzaren garrantziaz jabetzeko balio du.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Karmen Egunean errebantxa. Eguaztenean [uztailak 16] Karmen Egunaren baitan beste zesta jaialdi bat ospatuko da Markina-Xemeinen. Bertan, finaleko bi bikoteek berriro neurtuko dituzte indarrak errebantxan.