45. Itxas Soinua Nazioarteko Musikaldiak "programa anitza" edukiko du
Barikuan [uztailak 18] hasi eta domekan [uztailak 20] amaituko dira Gau Klasikoak; tartean, Xabier Gabiola musikari lekeitiarrak ere kontzertua eskainiko du, Iberian Brass Ensemble taldeagaz. Gau Modernoak, ostera, uztailaren 24an eta 25ean ospatuko dituzte.
Iaz 360 graduko aldaketa eginda, aurtengoan, egonkortzera bidean, pausu bat gehiago eman dute Itxas Soinua Nazioarteko Musikaldiko kideek. 45. aldia ospatuko duten arren, iaz hartu zuten musikaldiaren antolaketaren ardura Oihana Etxabek eta Mikel Gabiolak; “freskotasuna” ekartzeko asmoz, hainbat aldaketa egin zituzten, eta edukitako “erantzun ona” ikusita, aldaketa horiek mantentzea erabaki dute. Hala, aurtengo musikaldiak “programa anitza eta estilo ezberdinak” ekarriko ditu Lekeitiora.
Aldaketetako bat musikaldia abuztutik uztailera aurreratzea izan zen, eta aurtengoan ere, hala mantenduko dute. Era berean, musika zikloa bi ataletan banandu zuten iaz, Gau Klasikoak eta Gau Modernoak, eta aurten bide bera jarraitzea erabaki dute. Hori horrela, barikutik domekara [uztailak 18, 19 eta 20] ospatuko dituzte Gau Klasikoak Andra Mariaren Zeruratzea Basilikan, eta uztailaren 24an eta 25ean, Gau Modernoak, Ikusgarri Zinema Aretoan. Aurtengoan, gainera, kontzertu guztiak ordu berean izango dira: 20:00etan. “Aurtengo berrikuntzetako bat ordutegiena da. Egonkortasun bat egotea nahi genuen, eta iaz 20:00etan egindako kontzertuek erantzun ona eduki zutenez, aurten denak ordu horretan egitea erabaki dugu”, adierazi du Etxabek.
Gau Klasikoei dagokienez, hiru kontzertu egongo dira: Xabier Zeberio barikuan [uztailak 18], Ganbara Abesbatza zapatuan [uztailak 19] eta Iberian Brass Ensemble domekan [uztailak 20]. Hirurak “bereziak” izango diren arren, domekako [uztailak 20] kontzertuak garrantzia berezia hartuko du herritarren artean: “Iberian Brass Ensemble hamar pertsonak osatzen dute, eta metalezko instrumentuen talde bat da. Jatorri anitzeko musikariak daude: Toledo, Pontevedra, Madril, Barcelona, Valladolid… eta euren artean lekeitiar bat dago: Xabier Gabiola Leniz. Ilusio berezia egiten digu aurtengo musika ziklo honen barruan Xabi egotea; gure harrobiko musikaria dela esan dezakegu, eta badauka ukitu berezi bat lekeitiarrentzat nahiz antolatzaileontzat”. Hala, musika barroko, klasikoa eta espainiarra barne hartzen dituen “errepertorio zabala” eskainiko dute.
Aurretik, baina, barikuan [uztailak 18] Xabier Zeberio tolosarrak zabalduko du musikaldia. Pause bere proiektu pertsonala aurkeztuko du: “Zeberio musikari profesionala da, eta gehienok aurpegia ipintzen diogu Oskorriko biolin jotzaile famatua izan delako”. Hala, formatu akustikoa eroango du Lekeitiora, Iñar Sastre musikariagaz batera: “Intimista, pausatua eta barea, sakona eta era berean lebitatzailea, emozioen ertzak kimatu eta leuntzen dituen lan biribila da Pause”. Zapatuan [uztailak 19], aldiz, Ganbara Abesbatza oñatiarraren txanda izango da. Aitor Biain zuzendariaren gidaritzapean, emakume eta gizonez osatutako koroa entzuteko aukera egongo da: “In perpetuum deitzen den programa aurkeztuko dute. Autore garrantzitsuen obrak ekarriko dizkigute, baina baita euskal autoreenak ere, besteak beste, Josu Elberdin eta Javier Bustoren obrak”.
Gau Modernoak. Gau Modernoek hartuko dute Gau Klasikoen erreleboa. Uztailaren 24an Geraldine Ramirez Trio hirukoteak jazza eta bossa nova musika estiloak ekarriko ditu Lekeitiora: “Bi estilo musikal horiek oinarritzat hartuta, musika brasildar hori jazzarekin eta folklorearekin fusionatzen dute, eta iraganeko konpositoreen lanak gaur egunera ekartzen dituzte”. Uztailaren 25ean, aldiz, FEMMM + Band taldearen txanda izango da: “Bost emakumeko taldea da, eta banda batekin akonpainatuta etorriko dira. Ekimenaren bitartez beste emakumeek euren musika sortu eta partekatzera bultzatu nahi dituzte”.
Sarrerak. Halako musikaldiak hiri handietan egin ohi diren arren, antolatzaileek argi dute euren helburua herri txikietan ere goi mailako musikariak entzuteko aukera ematea dela. Hala, ahal dituzten erraztasunak eman, eta kontzertu bakoitzerako banakako sarrerak ez ezik, bonoak ere ipini dituzte salgai, kontzertu gehiagotara joatea bultzatzeko asmoz. Sarrerak salgai daude itxasoinua.com web orrian nahiz Lekeitioko Turismo Bulegoan.
Egitaraua.
- Uztailak 18, 20:00etan. Gau Klasikoak, Andra Mariaren Zeruratzea basilikan: Xabier Zeberio.
- Uztailak 19, 20:00etan. Gau Klasikoak, Andra Mariaren Zeruratzea basilikan: Ganbara Abesbatza.
- Uztailak 20, 20:00etan. Gau Klasikoak, Andra Mariaren Zeruratzea basilikan: Iberian Brass Ensemble.
- Uztailak 24, 20:00etan. Gau Modernoak, Ikusgarri Zinema Aretoan: Geraldine Ramirez Trio.
- Uztailak 25, 20:00etan. Gau Modernoak, Ikusgarri Zinema Aretoan: Femmm + Band.