Aldundiko Diputatuen Kontseilua Mutrikun elkartu da, udalerriko proiektuak bertatik bertara ezagutzeko
Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuek Mutrikuko udaletxean egin dute gaur [uztailak 15] Diputatuen Kontseilua. Gipuzkoako diputatu nagusia den Eider Mendoza Larrañagak udalak eskuartean dituen proiektuen berri izan du Ainhize Azpiazu alkatearen eskutik.

Udalerrien beharrak, erronkak eta proiektuak bertatik bertara ezagutzeko, eta udalekin lankidetza estutzen jarraitzeko helburuarekin Aldundiko Diputatuen Kontseilua Mutrikun batu da gaur [uztailak 15], hamabosgarren bilkura ibiltarian. Hala, Eider Mendoza Larrañaga, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Ainhize Azpiazu Mutrikuko alkatearen eskutik ezagutu ditu gaur gaurkoz udalak eskuartean dituen proiektu eta egitasmoak.
Azpiazuk eman die diputatuei ongietorria udaletxearen atarian, eta ondoren, udaletxeko bilkura aretoan batu dira, bilkura ibiltariaren hamabosgarren hitzordua aurrera eramateko. Hala ere, Mendoza eta Azpiazu aurretiaz batu dira udaletxean, lan topaketen baitan, “herriko desafio eta proiektu nagusiak bertatik bertara ezagutzeko”.
“Herriaren proiektu eta estrategiak ezagutzera eta gureak partekatzera etorri gara Mutrikura, baita udalak izan ditzakeen kezka eta ekarpenak jasotzera ere”, zehaztu du Eider Mendoza diputatu nagusiak. “Gipuzkoako plazatik Gipuzkoako plazetara” lanean dabiltzala nabarmendu du, “Kontseilu ibiltariak bezalako ekimenek indartu egiten dute maila ezberdinetan abian den elkarlana“. Mendozak gaineratu du “bide beretik” jarraitzeko konpromisoa hartzen duela, “gainontzeko erakundeekin lankidetza eta hartu emana estutzen, hain zuzen”.
Diputatu nagusiak Mutriku bezalako kostaldeko herrietan jarri du fokua eta “biziak eta dinamikoak” direla azpimarratu du: “Kulturaren eta itsas ondarearen aldetik bizitasun handia dutenak, baina baita ere itsasoari lotutako ekonomiaren ikuspegitik funtzio garrantzitsua jokatzen dutenak. Lurralde oreka da gure lurraldearen ezaugarri nagusienetako bat eta balio horri eusten asmatu behar dugu, herriko, eskualdeko eta, oro har, lurralde osoko desafioei elkarlanean aurrera egin ahal izateko”. Izan ere, horrela, “gipuzkoar guztien ongizate integrala bultzatzeko bidean” ekarpena egiten dutela adierazi du.
Era horretan, Ainhize Azpiazu Mutrikuko alkateak eskerrak eman dizkio Eider Mendozari, baita diputatu guztiei ere: “Guretzat oso garrantzitsua da aurpegiak jarri eta elkar ezagutzea. Asko eskertzen dugu bazterrean dagoen Gipuzkoako herri txiki batera etortzea, eta baita, Gipuzkoako Foru Aldundia gurekin gogoratzea ere. Plazer bat izan da zuek ezagutzea eta hemendik aurrera harremanean jarraituko dugu”. Aldundiko Diputatuen Kontseiluaren ondoren, Egaña frontoia, merkatu plaza eta Santa Katalina komentua bisitatu dituzte Ainhize Azpiazu alkateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuek.

























