Ertzaintzak pertsona bat atxilotu du Markina-Xemeinen, drogarekin trafikatzeagatik
Gaur [uztailak 15] goizaldean izan da atxiloketa, Ertzaintza egiten ari zen alkoholaren eta drogen prebentziozko kontrol batean. Substantzia sorgorgarridun 35 poltsatxo aurkitu dizkiete atxilotuari.
Ertzaintzak jakitera eman duenez, gaur [uztailak 15] goizaldean 55 urteko gizon bat atxilotu dute Markina-Xemeinen, prebentziozko kontrol batean substantzia sorgorgarriekin harrapatu ondoren. Atxiloketa goizaldeko ordubata inguruan izan da, BI-633 errepidean, Markina-Xemein parean, eta legez kanpoko substantziak eduki eta osasun publikoaren aurkako delitu batengatik atxilotu dute.
Adierazi dutenez, Ertzaintzako agenteak alkoholaren eta drogen prebentziozko kontrola egiten ari ziren, eta ibilgailu bat geldiarazi eta gidabaimena iraungita gidatzen ari zela egiaztatu dute. Ostean, drogak detektatzeko proba egin, eta positibo eman du. Halaber, Ertzaintzako agenteek “prebentziozko miaketa” egin diote atxilotuari, eta harenak ziren poltsa batean substantzia sorgorgarriak aurkitu dituzte. Ertzaintzak adierazi duenez, “itxura guztien arabera” saltzeko prestatuta zeuden 35 poltsatxo aurkitu dituzte; poltsak eta billeetetan zeukan dirua konfiskatu dizkiete, atxilotzeagaz batera.