Ondarroako Peña Fraile eta Atxazpiko haitzak pribatizatzearen kontra agertu da Eguzki
Pribatizazioa salatzeaz gain, legeak betetzeko exijitu du Lea-Artibaiko Eguzki Talde Ekologistak.

Lea-Artibaiko Eguzki Talde Ekologistak partikular bat Peña Fraile eta Atxazpiko haitzetara jaisteko bidea pribatizatzen ari dela salatu du. “Ondarroatik Lekeitiora doan kostako errepidean Peña Fraile eta Atxazpi haitzen artean dagoen bidea itxi du lur-jabe berriak, eta honako seinalea jarri du: Lursail partikularrak. Pasatzea debekatuta dago”. Hala, haitzetara jaisteko bide “bakarra” itxi duela azpimarratu du Eguzkik: “Orain, inguru hori berak bakarrik gozatu ahal izango du”.
Egoera honen aurrean, bide publikoak ezin daiteezkela itxi gogorarazi dute talde ekologistatik: “Hain justu, jabari publikoa direlako. Gainera, kasu honetan, itsas lehorreko jabari publikorako sarbidea itxi du, eta hori, guztiz legez kanpokoa da”. Horrez gain, lur-jabeak lurzorua harritxintxarrez egokitu duela ere salatu dute: ” Ondarroako Udalean egiaztatu ahal izan dugunez, baimenik gabe egokitu du lurzorua”.
Hala, haitzetako bidearen pribatizazioa salatzeaz gain, “legeak betetzeko” eskatu dute Eguzkitik: “Oso argi izan behar dugu guztiok hiriguneetan bete beharreko legeak eta arauak dauden bezala, landaguneetan ere badaudela bete beharreko lege eta arauak. Gure ustez, lege eta arau horiek asko daukate hobetzeko, baina, bitartean, daudenak bete daitezela, behintzat”.