Barikuan ospatuko dute ume sahararrei ongietorria emateko jaia
Barikuan [uztailak 18] Ondarroako Alamedan ospatuko dute jaia, 17:30etik aurrera. Guztira, hamar ume saharar etorriko dira Ondarroa eta inguruko herrietara.
Oporrak Bakean programaren baitan uda Euskal Herrian pasatzera datozen ume sahararrei ongietorria egingo dio Yaalah Elkarteak barikuan [uztailak 18] Ondarroako Alamedan.
17:30ean emango diote hasiera ongietorriari, txokolatada, puzgarri eta jolasekin. Gainera, Txirrimorraski taldeko kideak ere egongo dira bertan, umeei aurpegia margotzen. 19:00etan hasiko da ekitaldia, eta Yaalah Elkarteaz gain, Ondarroako Udalak ere parte hartuko du.
“Oporrak Bakean programaren baitan, guztira, hamar ume etorriko dira Ondarroa eta inguruko herrietara: sei Ondarroara, bi Berriatura, eta beste bi Mutrikura”, azaldu dute Yaalah Elkarteko kideek. Aurten, gainera, espero baino beranduago helduko dira umeak Euskal Herrira, baina hala ere, ongietorri “beroa” egiteko prest daude antolatzaileak, eta herritarrei jaialdira joateko deia egin die: “Nahiz eta espero baino beranduago iritsi, bihar [uztailak 17] helduko dira umeak Lea-Artibai eskualdera, eta gu, prest gaude merezi duten ongietorria egiteko. Abuztu amaierara arte egongo dira Euskal Herrian. Beraz, goazen denon artean ume sahararrei ongietorri goxoa egitera”.