Elena Fernandez Iturriozen memoriala lehiatuko da zapatuan Ondarroan
Zapatuan [uztailak 19] egingo da Elena Fernandez Iturriozen omenezko itsas zeharkaldia Ondarroan. Egunean bertan izena emateko aukera egongo da.
Elena Fernandez Iturriozen omenez, 38. itsas lasterketa antolatu du Ondarroako Igeri taldeak zapaturako [uztailak 19]. Internet bidezko izena ematea itxita dagoen arren, egunean bertan ere apuntatu ahalko da hamar euro gehiago ordainduta, 8:30etik 10:00etara bitartean, Ondarroako Arrigorri hondartzan.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, iazko kopuru antzekoa espero dute: “Momentuz 280 igerilarik eman dute izena, baina egunean bertan ere apuntatuko da jendea; beraz, 320 lagun inguru espero ditugu”. Gainera, zeharkaldiagaz igeriketa bultzatu nahi dute Ondarroako Igeri taldeko kideek: “Itsas zeharkaldian parte hartzeko deia egin nahi diegu herritarrei zein ondarrutarrak ez direnei ere; izan ere, Oñati, Bergara edota Gasteizetik ere etortzen da jendea”.
Bi zeharkalditan banatu dute lasterketa. Lehenengo, gaztetxoenen txanda izango da, eta 10:00etan itsasoratuko dira benjamin, kimu eta infantil mailako igerilariak: 600 metro egingo dituzte igerian. Ondoren, 11:30ean, junior, absolutu, eta beterano kategoriek lehiatuko dute, 1.600 metroko ibilbidea osatuz: “Orain arte emakume eta gizonak banatuta itsasoratzen ziren, baina aurten, berdintasunean pausoak emateko helburuagaz, bakoitzak ibilbidea egiteko behar duen denboraren araberako taldeak antolatu ditugu. Hau da, zeharkaldia egiteko 24 minutu baino gutxiago behar duten igerilariak aterako dira aurrena, 11:30ean. Ondoren, bost minutu beranduago [11:35], 24 minututik 30era bitartekoen txanda izango da, eta 11:40an 30 minutu baino gehiago behar dituztenak aterako dira”.
Sariei dagokienez, kategoria bakoitzeko lehenengo hiru neskek eta mutilek trofeo bana jasoko dute; bai umeetan, eta baita nagusietan ere. Horrez gain, Ondarroako Igeri taldeko lehenengo igerilariak ere saria jasoko du, baita igerilari nagusienak ere. Hala ere, parte hartzaile guztiek jasoko dute domina eta itsas lasterketako kamiseta“.
Antolatzaileek itsas lasterketa aurrera ateratzeko orduan boluntarioek egindako lana eskertu nahi izan dute: “Boluntario asko daude lanean egitasmoa aurrera eramateko; beraz, gure esker ona adierazi nahi diegu. Horrez gain, ekonomikoki laguntza eman diguten herriko enpresa, merkatalgo eta tabernen ekarpena ere eskertu nahi dugu”.