Ondarroako Mamarrazokan izena emateko epea zabalik dago abuztuaren 9ra arte
Ondarroako Andra Mari jaietako sortzaileen azoka den Mamarrazokan izena emateko epea zabaldu du Onoren txosna batzordeak. Aurten, Kafeko Atzean jarriko dute azoka.
Sortzaile txikiei euren lana plazaratzeko lekua eskaintzeko helburuagaz antolatzen du Mamarrazoka Ondarroako Onoren txosna batzordeak, eta Andra Mari jaietako Amnistia Egunean [abuztuak 14] izaten dute hitzordua eskualdeko zein inguruetako sortzaileek. Aurtengo azokarako izen ematea abuztuaren 9ra arte zabalik dagoela jakinarazi dute antolatzaileek
Laugarren aldiz antolatuko dute aurten; izan ere, deialdiak hasieratik “erantzun ona” izan duela azpimarratu baitute: “25-30 postu inguru egon dira aurreko urteetan, eta aurten ere, horrela mantenduko dugu. Sortzaileen zein ikusleen aldetik erantzuna beti izan da ona. denetarik aurkitu daiteke azokan; besteak beste, bitxiak, serigrafiatutako kamisetak eta margolanak”. Hala ere, aurten, Mamarrazokaren kokalekua aldatuko dute: “Musika Plazaren egoera dela eta, aurten, txosnak Kafeko Atzean jarriko ditugu; beraz, azoka ere bertan jarriko dugu”.
Izena emateko bi telefono zenbaki jarri ditu eskura txosna batzordeak: 688 88 82 47 eta 688 63 72 83. “Bi telefono horietako batera idatzi beharko da izena emateko, abuztuaren 9a baino lehen. Behin izena emanda, antolatzaileok aurrerago jarriko gara sortzaileekin kontaktuan, azokaren xehetasunak azaltzeko”.