Urteroko ekintzek ez dute hutsik egin Karmen Egunean
Urtero bezala, Goikoportala jendez bete da Zerutxu dantza taldearen aurreskua ikusteko. Ostean, Euskadi Brass Band taldearen kontzertua entzuteko aukera egon da, eta baita VII. Eixu azokagaz gozatzeko aukera ere. Arratsaldean zesta partidak eta bertso saioa egongo dira.

Aurtengo Karmen jaietan azken aldiz, txistularien doinuekin esnatu dira markina-xemeindarrak. Tradizioz eta ohituraz betetako eguna dute gaurkoa [uztailak 16] herritarrek, eta Karmen Eguna ospatzeko, beste behin ere, herriko txoko guztiak bete dituzte herritarrek.
Eguraldia lagun, eguerdia jo orduko elkartu dira markina-xemeindarrak Goikoportalean. Eguzkitik babestuz, itzalpean ipini dira gehienak, eta hala, bertaratutakoen begiradapean, 12:30ean Zerutxu dantza taldeak Karmen Eguneko aurreskua eskaini du. Urtero bezala, plaza bete egin da etxeko dantzariak ikusteko, eta txalo zaparrada artean amaitu dute ekitaldia.
Karmen Egunean hutsik egiten ez duen beste ekitaldietako bat heldu da jarraian. Euskadi Brass Band taldeak kontzertua eskaini du Plazabarripean. Reyes y castillos izeneko mugimenduagaz hasi dute kontzertua, eta ostean, lau ataletan banatuta, denetariko musikariak entzuteko aukera egon da, besteren artean, Bach eta Purcell.
Artisauak, eskura. Tradiziozkoa ez bada ere, jada egonkortzen hasia den VII. Eixu azoka ere egon da Zelai inguruan. 25 postutik gora egon dira aurten, eta denetariko produktuak eroan dituzte artisauek, besteak beste, kamisetak, poltsak, bitxiak eta koadroak. Goizeko saioaren ostean, arratsaldean ere bertan egongo dira postuak, 17:00etatik 20:30era.
Goizeko jarduna atzean utzita, arratsaldean ere edukiko dute zer egina bertaratzen direnek. Kirola gustuko dutenentzat, Karmen jaietako zesta punta partidak egongo dira Uni frontoian, eta bertsozaleak direnek, ostera, karmenetako bertso saioaz gozatu ahalko dute. Maite Berriozabal ariko da gai jartzaile lanetan, eta Elixabet Pagola, Iruri Altzerreka, Unai Iturriaga eta Sustrai Colina, aldiz, bertsotan.
22:00etan Zirku kalejira eskainiko du Zirkozaurre konpainak, eta hura amaitzeagaz batera, Alarabiri agur esango diete herritarrek. Zelaian Alarabi erre, eta datorren urteko jaien zain geratuko dira markina-xemeindarrak.



















































































































































































































































































































































































































































































































