Ekintzaz josita datoz Santiago eta Santa Ana jaiak
Etxebarrian nahiz Ispasterren uztailaren 24an emango diete hasiera ofiziala jaiei, ekintzak asteburu honetan hasiko diren arren. 24tik aurrera, besteren artean, musika eskaintza ugaria egongo da bi herrietan, Gozategi, Zilibito Records eta 48280 taldeak, esaterako. Bestalako kultur nahiz kirol ekintzak ere ez dira faltako.
Karmen jaien erreleboa hartuko dute Madalenek zenbait herritan, baina baita Santiago eta Santa Ana jaiek ere, beste zenbaitetan. Horien artean daude Etxebarria eta Ispaster; jai gosez daude herritarrak, eta hori asetzeko asmoz, egun ugaritako egitaraua prestatu dute tokian tokiko udal nahiz talde eta elkarteek.
Etxebarrian, esaterako, zazpi egun edukiko dituzte jaietaz gozatzeko. Zapatuan [uztailak 19] emango diete hasiera Ollogorra elkarteak antolatutako plater-tiro saioagaz, eta uztailaren 28an amaituko dute, umeen egunagaz. Hasiera ofiziala, baina, uztailaren 24an emango diete, ohi bezala, Uga eta Zixuren jaitsieragaz, eta osteko txupinazo, pregoi eta danborradaz.
Jaiei hasiera emanda, gustu guztiak asetzeko moduko egitaraua edukiko dute aurretik etxebarritarrek. Kirola gustuko dutenek, esaterako, txupinazoaren aurretik nahiz ostean gozatu ahalko dute. Uztailaren 23an gaztetxoen pilota partidak jokatuko dituzte frontoian, eskuz nahiz zestaz. Esku pilotan bost partida jokatuko dituzte, eta zestan, ostera, bakarra: Oier eta Joanes ariko dira Juaristiren eta Argoitia IV.aren aurka. Santiago Egun handian ostera, jokalari profesionalen txanda izango da. Esku pilotan Urrutikoetxea eta Morgaetxebarria ariko dira Jakaren eta Lizeagaren aurka, eta zestan, bi partida ikusi ahalko dira: Lur-Arai eta Erika-Alize bikoteen artekoa, eta Arrasate-Atain eta Antxon-Argoitia I.aren artekoa.

Santiago Eguneko dantza emanaldia, Etxebarrian.
Musikak ere bere tokia edukiko du jaietan, denetariko eskaintzagaz. Uztailaren 24an, esaterako, Inguma, Garratz eta Argitu erromeria taldeen kontzertuak egongo dira plazan, Gazte Asanbladak antolatuta. Santiago Egunean [uztailak 25] ostera, Gozategi eta DJ Ruben Costas igoko dira oholtzara, eta uztailaren 26an, Txapela Brava eta DJ Miren.
Nola ez, herriko nagusiek nahiz umeek ere euren eguna edukiko dute. Nagusiei dagokienez, uztailaren 27an ospatuko dute euren eguna. Meza egongo da goizean, eta ostean omenaldia egingo diete 90 eta 91 urtekoei nahiz jaioberriei, aurreskuagaz. Ostean, herriko jubilatuen kantu emanaldia eta jubilatuen bazkaria egongo dira. Umeen egunean, aldiz, jada egonkortzen ari den VII. Chef Lehiaketa egingo dute, 10 eta 17 urte bitartekoentzat, eta haur parkea ere egongo da, Leaktibairen eskutik.
Gaztetxe eskean. Gazte Asanblak ere hainbat ekintza antolatu ditu jaietarako, eta esaterako, herri afaria egingo dute uztailaren 24an; tiketak salgai daude Olaia, Otsolo eta Irubiden, domekara [uztailak 20] arte. Afariaren aurretik, baina, hitzordu garrantzitsua dute, izan ere, gaztetxearen aldeko elkarretaratzea eta sinadura bilketa egingo dituzte, 20:30ean, Plazabarrin.
Euren sare sozialetan azaldu dutenez, hamar urte dira Etxebarriko Gazte Lokala itxi zutenetik, eta ordutik gazteek euren kabuz “batzeko, antolatzeko eta ekimenak aurrera eroateko” espaziorik gabe daude: “Momentu honetan, gazte lokala zena biltegi moduan erabiltzeko baimena eman zigun udalak duela bi urte, baina guk biltegi bat baino gehiago behar genuela ohartu genien. Alkateari gure arazoa mahaigaineratu ostean, bere erantzuna argia izan zen: ezetza”.
Ezetzarren aurrean ez dutela amore emango adierazi dute. Aldarrikatu dute gaztetxea ez dela soilik gazteentzako toki bat, “Etxebarrik herri mailan edukiko lukeen ekarpen bat” izango litzatekeela: “Herriko eragile orok ekintzak burutzeko erabili ahal izango duen toki bat. Espazio autogestionatua, berdintasunean eta elkarlanean oinarrituta, gazteok kultura sortu, hausnartu eta herriari bizitasuna emango dion leku bat, Etxebarri bizirik mantentzea edukiko duena ardatz”. Hori horrela, herritarren nahiz inguruko herrietako gazteen babesa eskatu dute: “Ez gatoz inoren kontra, denon alde baizik. Elkarrekin sortu nahi dugu etxebarritar denontzako espazio bat: irekia, askea eta bizia. Gaztetxea behar dugu, eta denon artean lortuko dugu”. Sinadurak batzen uztailaren 24an hasiko dira, eta 28ra arte Gazte Asanbladako txosnan sinatzeko aukera egongo da.
Bost egun, goi-goitik. Ispastertarrak ere ez dira atzean geratuko. Santiago eta Santa Ana jaiak ospatuko dituzte bost egunez, eta domekan oraindik jaiak hasi barik egongo diren arren, VIII. erakus txakurren ikuskizuna egongo da. Jaiak, baina, uztailaren 24an hasiko dira, ohi bezala, Txanton Pipirriren igoera, txupinazoa, pregoia eta danborradagaz.
Jaiei hasiera emanda, Ispasterren ere, ez da musikarik faltako. Zutik Erromeria, DJ Alex, Zilibito Records, Altxa Porru erromeria, DJ Domin, 48280, Itzal erromeria, DJ Noya eta Lisker erromeria egongo dira aukeran. Bertso saio musikatua ere egingo dute Santa Ana Egunean [uztailak 16]: Aissa Intxausti ariko da gai jartzaile lanetan, Miren Amuriza, Jon Maia eta Jone Uria, bertsotan, eta Araiz Bizkai eta Oihana Landa, musika jotzen.
Kirolari dagokionez, ostera, esku pilota partidak jokatuko dituzte Ispasterko harrobiko gaztetxoek Santa Ana Egunean [uztailak 26] eta 34. Kross lasterketa herrikoia ere, egun berean lehiatuko dute; azken horretako izen ematea egunean bertan egin behar da, udaletxean. Uztailaren 27an, aldiz, Ispasterko eskolarteko zesta punta txapelketa egongo da, eta ostean, herri bazkarian elkartuko dira herritarrak.
Sari ugari banatuko dituzte ispastertarrek jaietan. Kross lasterketakoak ez ezik, Santiago Egunean [uztailak 25] Mus Txapelketa egingo dute frontoian, eta sari potoloak egongo dira jokoan. Irabazleek 1.000 euro eta txapelak irabaziko dituzte, bigarrenek, 500 euro eta garaikurrak, eta hirugarrenek eta laugarrenek, 300 eta 200 euro, hurrenez hurren. Uztailaren 27an, ostera, XVII. Banakako Bolo Txapelketa egingo dute, eta irabazleak txapela eta 60 euro eskuratuko ditu, bigarrenak, 40 euro eta hirugarrenak, 20 euro.
Egun berean egingo dute herri bazkaria ere, eta tiketak salgai egongo dira Aritz-Bi Jatetxean, Naberan janari dendan eta herriko tabernan, uztailaren 24ra bitarte. Ostean egongo da bolo txapelketa, eta jaiekin amaitzeko mozorro lehiaketa egingo dute, Lisker erromeriagaz eta Txanton Pipirriren jaitsieragaz batera.