Txapela buruan eta txokolatea ahoan: Berriatuko, Ziortza-Bolibarko eta Aulestiko auzoak jaiez beteko dira asteburuan
Berriatuko, Ziortza-Bolibarko eta Aulestiko auzoek jai giro bizia izango dute asteburuan, herri kirolak, musika, txapelketak eta herri bazkariak protagonista direla.

Lea-Artibaiko jai egutegia bete-betean sartuko da asteburu honetan, eta herri zein auzoek euren ekarpena egingo diote eskualdeko ospakizun giroari. Madalen jaien bueltan, Berriatuko Madalena auzoan, Ziortza-Bolibarko Zeinke-Ziarregin eta Aulestiko Urriola auzoan izango dira ekitaldi nagusiak. Jai batzordeek prest dauzkate egitarauak, eta gogotsu daude jendea hartzeko.
Berriatuko Madalena auzokoak izango dira festari hasiera emango dioten lehenengoak. Auzoko bizilagunek hiru eguneko egitaraua osatu dute, eta bihar [uztailak 18], iluntzean, kanpai hotsen bidez emango diote hasiera jai egitarauari. Hala ere, jende gehien zapatuan [uztailak 20] espero da. Egun horretan, Legarmendi kilometro bertikala jokatuko da hirugarren aldiz. Lasterketa herriko plazatik abiatu eta Madalenan bukatuko da, eta igoera herrikoien ligako puntuagarria izango da aurtengoan ere. Ondoren, txapel jaurtiketa izango da, eta 13:00etan Markinako Zerutxu Dantza Taldeak dantza saioa eskainiko du. Trikitilariak izango dira goizean zehar, eta 14:00etan jai batzordeko kideen bazkaria egingo da.
Arratsaldeko jardunak 17:00etan hasiko dira mus txapelketarekin; 8 erregetarakoa izango da, eta garaileek 250 euro eta txapela jasoko dituzte. 17:30ean umeen jolasen txanda izango da, oihalekin praktikatzeko eta txokolatea dastatzeko aukerarekin. 18:00etan briska txapelketa hasiko da, eta parte-hartzaileentzat 180 euro eta txapelak egongo dira jokoan. Egunari amaiera emateko, Arriola jatetxean bi lagunentzako otordua zozketatuko dute. Tiketak aurrez saltzen hasi diren arren egunean bertan ere erosi ahalko dira.
Martitzenean [uztailak 22], berriz, Madalena Egunaren baitan meza ospatuko dute, hildakoen omenez, eta ondoren mokadutxoa eskainiko diete auzotarrei.
Tirolina eta su aritfizialak Ziortza-Bolibarren. Bestalde, Ziortza-Bolibarko Zeinke-Ziarregi auzoan ere izango da zertaz gozatu. Zapatuan [uztailak 19] 12:00etan jaurtiko dute txupinazoa, eta aurreko urteetan bezala, herri bazkaria egingo dute berriz. 16:30etik aurrera, umeentzako jolasak egongo dira, eta aurten lehen aldiz, Leaktibairekin elkarlanean, “Ziortza-Bolibarren inoiz antolatu den tirolinarik ikusgarriena” izango da. Iluntzean, Izarra eta Gorkaren erromeriarekin jarraituko du ospakizunak, eta amaitzeko, su artifizialak piztuko dituzte gauari kolorea emateko.
Domekan, txapelketak izango dira protagonista. Briska txapelketaren ondotik, Hiru Txirlo bola joko txapelketa jokatuko da, eta Bizkaiko Txapelketarako puntuagarria izango da hori.
Azkenik, Aulestiko Urriola auzoan ere ez da ekitaldirik faltako. Zapatu eguerdian [uztailak 19] meza egingo dute jaiari hasiera emateko, eta jarraian herri kirolen erakustaldia egongo da. Gorka Etxeberriak harria jasoko du eta Jabier Urrestik txinga eramanean jardungo da. Ondoren, Unai Goitiak antolatuta, gazteen arteko norgehiagoka izango da.
Arratsaldean, aukera zabala egongo da: briska porra, balinetan aritzeko lehiaketa eta umeentzako jolasak. Bukatzeko, txokolatea banatuko da, eta DJ Arenek girotutako pintxopotearekin borobilduko dute eguna.
Asteburu honetan, beraz, jai giroa nagusi izango da Lea-Artibain zehar. Hiru herritako auzotarrek gogoz eta mimoz prestatu dituzte ospakizunak, eta bisitariak ere gonbidatuta daude giro ezin hobeaz gozatzera. Herri kirolak, musika, dantzak eta lagunarteko otorduak izango dira protagonista, eta, noski, irribarreak eta ondo pasatzeko gogoa ez dira faltako.