"Errotutako tradizioekin apurtzeko ordua da"
Mutrikuko Malen Txiki eguneko umeen danborradaren antolatzaileak dira Karmele Andonegi Illarramendi eta Itziar Galdos Beitia, eta danborrada antolatzen duen Hogar del Marinero elkarteko lehendakaria da Leire Elezgarai Rodrigez. Danborradaren garrantziaz eta aldaketen beharraz jardun dira.

Hitzordu garrantzitsua da mutrikuar gaztetxoentzat Malen Txiki eguneko danborrada; ilusioz eta zirraraz egoten dira momentua noiz helduko zain. Aurten, genero bereizketarekin apurtzeko asmoz, aldaketekin dator Malen jaietako umeen danborrada.
Noiztik zabiltzate danborrada antolatzeko saltsan sartuta?
Karmele Andonegi Illarramendi: Duela 34 urte hartu nuen nik danborrada antolatzeko ardura. Horretan zebilen batek laguntza eskatu zidan, eta laguntzeko asmoz sartu nintzen, eta gaur egunera arte. Nire senarra elkarteko bazkidea zen, eta lotura horren bitartez sartu nintzen lantaldean. Beranduago, Itziarri deitu nion, laguntza eskatuz. Ordutik gabiltza Sorkunde, Itziar eta hirurok umeen danborrada antolatzen.
Itziar Galdos Beitia: Duela 32 urte sartu nintzen ni, Karmeleren bidez. Hiruron artean egiten genuen dena, eta beno, gero, familia guztia sartzen genuen saltsan.
Leire Elezgarai Rodrigez: Alde batetik, Hogar del Marinero elkartea daukagu, eta bertako lehendakaria naiz ni, duela bi urtetik. Beste aldetik, danborrada lantaldea dago, Itziar, Karmele eta Sorkundek osatzen dutena. Hastapenetatik antolatzen du elkarteak Malen Txiki eguneko umeen danborrada; hala ere, hiruretako inork ez dakigu esaten noiz antolatu zen lehen aldiz. Nik dakidana da txikitan parte hartzen nuela, eta gaur egun, 37 urte ditut. Beraz, horren aurretik, seguru. Kar-kar-kar.
Hastapenetan bezalako harrera izaten ahal du gaur egun danborradak Mutrikun?
L.E.R: Danborrada oso errotuta dago herrian. Jaietako ekintza garrantzitsuenetako bat da, umeena zein nagusiena. Gainera, uste dut momentu indartsu batean dagoela. Mutrikun umeengan ilusio berezia sortzen duen ekintza bat da.
I.G.B: Duela urte batzuk baino indartsuago dago gaur egun. Izan ere, urteren batean ume oso gutxi apuntatzen ziren, eta musika bandari esan behar izaten genion musikari gutxiagorekin etortzeko danborradara, musika bandan jende gehiago ikusten baitzen danborradan baino. Denboraldi txarra izan zen, baina, orain, berriro buelta ematen dabil, eta aurten 110 ume inguru egongo dira.
Mutrikun umeengan ilusio berezia sortzen duen ekintza bat da.
Aurten, gainera, generoaren bereizketari dagokionez, aldaketak egin dituzue.
L.E.R: Zuzendaritza batzordean aldaketa baten beharra zegoela komentatu zen. Izan ere, herri honetan badaude tradizioari lotutako zenbait erabaki, urteak pasa ahala ez direnak aldatzen. Beraz, batzordean jende berria sartu ginen momentua aldaketak egiteko une egokia zela ikusi genuen. Gainera, itxuraz, EH Bilduko udal taldean ere hitz egin zuten honen inguruan; batez ere, danborradan genero bereizketa apurtzeko momentua zela komentatu zuten. Ze, orain arte, mutilek galtzak eta neskek gonak eramaten zituzten, eta kamiseta ere kolore ezberdinetakoa zen. Horrez gain, taldeak ere generoaren arabera banatuta zeuden eta neskek danborra jotzen zuten bitartean, mutilek egurrezkoa jotzen zuten. Beraz, kultura eta berdintasun arloko sailak batu, eta bilera baterako deia jaso genuen. Elkartean batu ginen elkarteko kideak, antolakuntzakoak eta udalekoak, eta aho batez onartu zen horrekin guztiarekin apurtzeko proposamena. Beraz, aurten, mistoa izango da dena, eta bakoitzak nahi duena jantziko du. Umetatik hasi behar gara aldaketa hauek egiten.
Nola sozializatu duzue erabakia?
L.E.R: Ez dugu askorik sozializatu. Udalerriko ikastetxeetara galdetegi batzuk bidali genituen, eta ume bakoitzak zer jantzi nahi zuen aukeratu zezakeen. Hala ere, galdetegi horretan ez genuen ezer azaldu; beraz, danborrada kalera ateratzen denean ikusiko du jendeak aldaketa bat egon dela, eta mistoa dela. Egia esan, errotutako tradizioekin apurtzeko ordua da.
K.A.I: Hasieran aldaketa zaila izango zela pentsatu genuen guk, baina pentsa baino errazagoa izan da.
Behin pausoa emanda, mantentzea da helburua, ezta?
I.G.B: Bai, noski. Aurrerantzean ere horrela jarraituko dugu.
K.A.I: Antolakuntzan guk jarraitzen badugu bai behintzat.
L.E.R: Belaunaldi aldaketa baten beharra sumatzen da, nolabait.
Hasieran aldaketa zaila izango zela pentsatu genuen guk, baina pentsa baino errazagoa izan da.
Belaunaldi aldaketa aipatu duzue. Hainbeste urte eta gero, erreleboa emateko ordua ere iritsiko zaizue laster, ezta?
K.A.I: Momentuz, atzetik ez dator inor, baina etorriz gero, ongietorria izango litzateke. Herritar guztiek nahi dituzte beraien umeak danborradan ikusi, baina, gero, inor ez dago prest antolatzeko.
I.G.B: Urte asko daramatzagu lantaldean, eta jendeak ez daki guzti honen atzean nolako lana dagoen.
L.E.R: Erreleboak beharrezkoak dira funtzionatzen duen zerbaitek jarraitzea nahi baldin badugu.
Urte asko daramatzagu lantaldean, eta jendeak ez daki guzti honen atzean nolako lana dagoen.