Mutrikuko gazteak, inoiz baino biziago
Mutrikuko Bizixo Jai Konpartsak Gure Ametsa Dantza Taldea omendu du Gazte Egunean.

Bizitzeko eta antolatzeko deia zabalduz hasi dituzte Malen jaiak Bizixo Jai Konpartsako kideek, eta herriko gazte denei mezu argia helarazi diete, antolatzekoe eta bizitzeko deia, alegia: “Aurreko urtean ere bai, baina aurten gazteei antolatzeko deia zabaldu nahi izan diegu, herria bizirik mantentzeko. Gainera, garai hauetan despolitizazioa gero eta handiagoa da, eta jendea gero eta indibidualagoa. Beraz, antolatzeko eta bizitzeko deia egiten dugu”.
Hemen gabiz gaztiak, bizi baino bizixo leloagaz ari dira jaiak ospatzen. Gaurko [uztailak 19] Gazte Egunean ehunka gazte ari dira Mutrikuko girotzen, eta 370 bat gazte elkartu dira herri bazkarian, EgaƱa Gunean. Aurretik, baina, urtero legez, talde argazkia atera eta omenaldi ekitaldia egin dute Beheko Plazan.
Gure Ametsa Dantza Taldea omendu du Bizixo Jai Konpartsak, eta 60 urte bete dituen taldearen ordezkaritzak esker onez jaso du gazteen aitortza. Taldeak herriari ematen diona goraipatu dute. Herriari egindako ekarpenagatik ez ezik, belaunaldi berriei irekitako bideagatik eta dantza bizirik mantentzeagatik omendu dute taldea: “1965ean sortu, eta gaur arte, 60 urte pasatu dira Gure Ametsa herrian lanean dabilenetik. Ordutik ibili da belaunaldiz belaunaldi kultura eta tradizioa transmititzen eta herria dantzaz betetzen. Gure Ametsa ez da ekitaldiak egitera bakarrik mugatzen; hori baino gehiago da herriari ematen diona. Eszenatoki gainean zein plazan ikusitako dantzen atzean, lan boluntario handia dago, konpromisoa, eta gogoa daude, eta horregatik, gaur egun Gure Ametsa Dantza Taldean parte hartzen zaudeten denoi eta 60 urtetan parte izan zareten danoi zorionak”. Beste urte luzez horrela segitzeko eskatu diete jai konpartsako kideek dantza taldeko kideei.
Aldarrikapenak. Omenaldiaren aurretik, ordea, inolako indarkeria motarik onartzen ez dutela aldarrikatu dute; hain zuzen ere, atzo arratsaldean, Malen jaixetan erasoik ez! Indarkeixa matxistian aurka burrukau lelopean elkarretaratzean bildu ziren Beheko plazan. Gaur ere prestatu duten protokoloaren garrantzia azpimarratu, eta lelo bera plazaratu dute: “Ez dugu inolako indarkeria motarik onartzen, ez txosnagunean, ez inon. Eraso matxista, arrazista, transfobo, homofobo, klasista, polizial eta bestelakoen aurrean, ezin dugu beste aldera begiratu”.

Argazkia: Bizixo Jai Konpartsa
Gogoratu dute denen ardura dela erasoen aurrean posizionatzea eta erantzutea. Edozein eraso jaso edo ikusiz gero, txosnetako barran salatzeko eskatu dute: “Erasoen kontrako protokoloa fintzen aritu gara aurten ere; izan ere, jaiak eta jai giroak, zoritxarrez, indarkeria matxista eta bestelako indarkeria moten gorakada ekartzen dutelako”. Ildo horretatik, azkenaldian ideia faxistak eta atzerakoiak Euskal Herriko kaleetan zabaltzen ari direla adierazi dute: “Jai ezberdinetan eman diren indarkeria kasuak ikusten ari gara uda hasi zenetik”.
Bestalde, palestinarrak ere ez dituzte ahaztu, eta Palestinarekin elkartasun argazkia aterako dute 18:00etan, Patxa plazan.
Ondoren, musikaz beteko dituzte bazterrak. 19:00etan irekiko dituzte txosnak, eta 20:00etatik aurrera, Marimatraka batukada feministako kideak ariko dira giroa berotzen. Goizalderako, aldiz, Akeer taldea eta Malakias MX3 gonbidatu dituzte Bizixokoek.
























