400 ikusle baino gehiagogaz, "biribila" izan da 7. Jazzaldia
Hiru egunez jazz musika nagusitu da Markina-Xemeinen. "Primerako musikariak" igo dira aurten oholtzara, tartean, Maite Ruiz de Erentxun lekeitiarra eta Haizea Martiartu markina-xemeindarra.

Karmen jaien erreleboa hartuta, jazz musikak hartu ditu Markina-Xemeingo txokoak. 7. Jazzaldia joan den eguenean [uztailak 17] hasi eta zapatuan [uztailak 19] amaitu zen, eta aurtengoa “biribila” izan dela adierazi dute Uhagon Kulturguneko ordezkariek.
Hiru egunetan lau kontzertutaz gozatzeko aukera egon da. Eguenean [uztailak 17] Broken Brothers Brass Band talde iruñarra herriko kaleetan zehar ibili zen, eta jaien biharamunaren eraginez jende gutxiago ibili bazen ere, “ondo” egon zela adierazi dute: “Igarri zen jaien biharamuna zela, baina ondo egon zen. Musikariak primerakoak izan ziren, eta jendea etorri zen, baina gehiago lasai-lasai ikusten egoteko. Kontzertu ibiltaria izan zen, eta giro oso ona sortu zuten”.
Barikuan [uztailak 18], aldiz, bertoko musikari baten txanda izan zen. Maite Ruiz de Erentxun lekeitiarrak haren azken diskoa aurkeztu zuen Uhagonen: “Jende pila bat egon zen ikusten, eta ipini genituen aulkiengatik, 200 lagun inguru egon ziren”. Jende ugari, eta erantzuna ere “oso ona”: “Herritarrak etorri ziren ikustera, baina baita ingurukoak ere. Kontzertua bera ondo egon zen, eta jendeari gustura ikusten zitzaion”.
Jazzaldia are gehiago biribiltzeko, zapatuan [uztailak 19] bi kontzertu egon ziren aukeran, eta bietan ere, 200 lagunetik gora elkartu ziren. Hasiera Lluis Coloma Triok eman zion, eta kontzertuaren maila ona nabarmendu dute antolatzaileek: “Kontzertua oso ondo egon zen, askok esan digute azken aldiko kontzerturik onena izan dela. Sekulako profesionalak dira, eta hori igarri egiten da”. Jazzaldia ixteko ardura, ostera, Haizea Martiartu herritarrak izan zuen: “Estilo lasaiagoa ekarri zuen Haizea Martiartuk, eta hori ere ondo egon zen. Lasaiagoa zenez, jendea ez zen egon horren euforiko, baina entzuleak adi zeuden, eta oso ondo joan zen”.
Helburuak, beteta. Hiru eguneko jardunaren ostean, aurtengoaren balorazio ona egin dute antolatzaileek: “Herritarren gustukoa izan dela jaso dugu, eta oso biribila izan da aurtengoa. Eguraldiak ere lagundu zigun, eta hori garrantzitsua da guretzat, ze, bestela kontzertuak barruan egin behar ditugu. Jendea hiru egunetan etorri da, eta oso ondo joan da dena”. Gainera, azpimarratu dute lau taldetik hiruk Euskal Herrian dutela jatorria, eta horietatik bi, eskualdeko emakume biren proiektuak izan direla: “Ez da horren erraza jazz moduko modalitate batean eta hemen bertan gainera, edukitzea bi emakume euren lanak aurkezten, eta hori pozgarria da guretzat”. Era berean, ondo baloratu dute hiru eguneko jaialdia izatea ere: “Hiru egunekoa izateak gorputza ematen dio, eta biribilagoa geratzen da”.







































