Diembering elkartearen Kultur Jaia "oso ondo" joan da
Senegalgo plater tipikoak eta dantza tradizionalak eskaini zituzten Markina-Xemeingo Diembering elkarteko kideek, eta aurten ere, "erantzun ona" eduki duela adierazi dute.

Jai giro bete-betean murgildu ziren zapatuan [uztailak 19] Markina-Xemeinen. Diembering elkarteak antolatuta, Kultur Jaia ospatu zuten egun guztian zehar, eta bertoko plater tipikoak, dantza tradizionalak nahiz musikaz gozatzeko aukera egon zen.
Jaiaren helburua Senegalgo Diembering herriko kultura markina-xemeindarrei erakustea zen, eta Fidelle Diatta antolatzaileetako batek adierazi duenez, helburua beteta amaitu dute aurtengo jaia: “Hiru urte dira lehenengoz antolatu genuenetik, eta aurten ere erantzun ona eduki du. Mahai eta aulki ugari ipini genituen, eta bete egin zen jendez. Hainbat herritar etorri ziren, eta baita inguruko herrietakoak ere, Munitibar eta Lekeitiokoak, esaterako”.
Eguerdia jotzerako ireki zituzten ateak, prestaketa lanak hainbat egun lehenago hasiak bazituzten ere. 16:00ak arte Senegalgo plater tipikoak prestatzen aritu ziren, eta ostean, dantza tradizionalak eskaini zituzten: “Txerrikiak, barazkiak, jengibrez egindako edariak… denetarik eskaini genuen, eta jendeak gustura jan zuen. Aldi berean, DJ Niakassi eta DJ Ansouren txanda izan zen: “Egun polita izan zen, oso ondo joan zen dena”.
Bertaratu zirenei eskerrak emateaz gain, Markina-Xemeingo Udalak eskaintzen dien laguntza ere, eskertu egin nahi izan dute: “Zapatuan herriko alkatea eta hiru zinegotzi etorri ziren, eta eskertzekoa da hori. Gainera, halako jai bat antolatu izan dugun guztietan eskaini digute laguntza eta erraztasun denak ipini dizkigute jaia antolatzeko. Bereziki eskertu nahi dugu udalak ematen digun babesa”.