Estilo desberdinen elkargune arrakastatsuak izan dira 45. Itxas Soinua Musikaldiko Gau Klasikoak
Hiru egunetan hiru kontzertuz gozatzeko aukera egon da, eta guztira 700 lagun inguru elkartu dira Andra Mariaren zeruratzea Basilikan. Eguenean eta barikuan [uztailak 24 eta 25] Gau Modernoak ospatuko dituzte; sarrerak salgai daude.

Musika klasikoak urtero hartzen ditu Lekeitioko Andar Mariaren Zeruratzea Basilikako izkina guztiak, eta aurtengoan ere hala izan da, 45. Itxas Soinua Nazioarteko Musikaldian. Barikuan [uztailak 18] hasi eta atzora [uztailak 20] bitarte Gau Klasikoak ospatu dituzte Lekeition, eta eguenean eta barikuan [uztailak 24 eta 25] Gau Modernoak ospatzeko prest daude.
Gau Klasikoei dagokienez, “oso ondo” joan direla adierazi dute antolatzaileek: “Jende pila bat egon da kontzertuetan, eta egia esanda, oso pozik gaude. Hiru egunak oso desberdinak izan dira euren artean, baina denak ere, asko gustatu zaizkie etorri direnei. Arrakastatsua izan da”.
Musikaldia Xabier Zeberio eta Iñar Sastrek ireki zuten, Pause proiektuagaz, eta kontzertu “intimoa” eskaini zuten: “Oso giro intimoa sortu zen barruan. Ikusleek esan zigutenaren arabera, euren buruarengan zentratuta egon ziren, eta ostean musikariekin hitz egin dugunean, esan digute hori dela helburua, jendeak bere buruarekin konektatzea”. Hala, “oso giro polita” egon zen, eta ikusleek ez ezik, musikariek ere “asko” gozatu zutela azaldu dute: “Alde batetik, eliza bera oso ederra da, eta bestetik, sekulako giroa egon zela esan dute, eta eurek ere asko gozatu zutela. Mezu bat idatzi digute esanaz ez dutela ahaztuko inoiz Lekeition emandako kontzertua, asko gozatu zutelako eta pubilkoarekin egon zen lotura sekulakoa izan zelako”.
Zapatuan [uztailak 19] ere, goreneko maila eskaini zuen Ganbara abesbatza oñatiarrak: “Sekulako kalitatea duten abeslariak dira, eta jendeari pila bat gustatu zitzaion. Gainera, oñatiarrak izanda, aurkezpenak euskaraz egin zituzten, eta gertutasuna sortu zen horrekin”. Hala, abesbatzako kideen kalitatea eta ahotsen maila ona nabarmendu dituzte antolatzaileek.
Gau Klasikoekin amaitzeko, atzo [uztailak 20] Iberian Brass Ensemble taldearen txanda izan zen. “Sekulako arrakasta” izan zuen atzoko kontzertuak: “300 lagunetik gora egon ziren ikusten, eliza oso beteta egon zen. Gainera, Xabier Gabiola lekeitiarra ere taldekoa denez, herriko bere lagunak eta ingurukoak ere etorri ziren; gazte asko bertaratu ziren kontzertura”.
In crescendo. Antolatzaileak pozik agertu dira Gau Klasikoen erantzunagaz, eta in crescendo joan dela adierazi dute: “Lehenengo egunean jende gutxiago etorri zen beste ekintza bat zegoelako herrian, baina denera, hiru egunetan banaturik, 700 pertsona inguru egon dira. Oso ondo saldu dira bai abonoak, bai bakarkako sarrerak eta baita Turismo Bulegoan salgai ipinitako sarrerak ere; atzoko [uztailak 20] kontzerturako Turismo Bulegoan ipinitako sarrerak esaterako, denak saldu ziren. Gainera, hiru kontzertuetan amaitu du publikoak tente txaloka, eta deigarria izan da”.
Hala, hurrengo musika ziklorako prest daude antolatzaileak: “Gau Modernoak hasteko ilusioz eta ikusminarekin gaude. Estilo desberdina da, eta ea zer moduz funtzionatzen duten. Oraingoz, jendeak interesa erakutsi du, eta pozik gaude”. Gau Modernoetarako sarrerak salgai daude itxasoinua.com web orrian nahiz Lekeitioko Turismo Bulegoan.
Egitaraua.
- Eguena, uztailak 24. Geraldine Ramirez Trio, 20:00etan, Ikusgarri Zinema Aretoan.
- Barikua, uztailak 25. Femmm + Band, 20:00etan, Ikusgarri zinema Aretoan.













