Lekitto Bedarra eta Lekeitio Lagunkoia, bat eginda

Ortuaren inguruan elkartzen dira aldiro-aldiro hainbat lekeitiar. Joan den eguenean [uztailak 17] eduki zuten hitzordua, eta Lekitto Bedarrako kideak ez ezik, Lekeitio Lagunkoia taldekoak ere bertan elkartu ziren Patata Eguna ospatzeko.
Hala, patata atera bitartean, Lagunkoi taldeko kideek lanabesen txabola barnizatu zuten, eta gainontzeko kideek, ortuan ekoiztutako tipulak eta patatak erabiliz, tortilla egin zuten. Prestaketa lanak eginda, denen artean dastatu zuten janaria; Lekitto Bedarrak auzolanean aritzen diren boluntarioak gonbidatu zituen ekintzara, euren esker ona adierazteko.
“Lagunkoi taldeko lau lagun etorri dira, eta oso ondo aritu gara elkarlanean”, adierazi dute Lekitto Bedarrako kideek. Hala, hurrengoan ere hainbat ekintza elkarrekin aurrera eroateko prest agertu ziren bertaratutako partaideak.