Ongietorria egin diete Ondarroan hamaika ume sahararrei
Barikuan [uztailak 18] batu ziren herritarrak Ondarroako Alamedan, hamaika ume sahararrei ongietorria egiteko helburuagaz.

Ondarroako Yaalah Elkarteak antolatuta, ongietorria eman zieten herritarrek barikuan [uztailak 18] Oporrak bakean programaren baitan Ondarroara eta inguruko herrietara uda pasatzera etorri diren umeei. Elkarteko kideak “pozik” gelditu ziren ekitaldiarekin: “Jende asko etorri zen ongietorrira, eta elkarte bezala, herriaren taupada ere gurekin dagoela sentitu genuen; beraz, oso pozik gaude”.
Hiru ideia azpimarratu zuen Yaalah Elkarteak ekitaldian: “Lehenengo eta behin, urtero legez, aurtengoa azkena izatea espero dugu; izan ere, horrek esan nahiko luke Sahara mendebaldeko gatazka politikoa ere amaitu dela. Argi utzi nahi dugu 50 urte luze iraun duen gatazka politiko baten ondorioz dagoela martxan Oporrak Bakean programa. Hala ere, gatazka konpontzen ez bada datorren urtean ere harrera familiak beharko ditugu. Bide batez, eskerrak nahi dizkiegu eman familiei”.
Ondarroako udal ordezkariek ere parte hartu zuen ekitaldian, eta Andra Mari jaietako omendua Yaalah Elkartea izango dela jakinarazi zuten: “Eskerrak eman nahi dizkiogu Ondarroako Udalari, Andra Mari jaietako omendu gisa aukeratu izanagatik”.









