5 milioi euro, "euskarazko industria teknologikoa sustatzeko"
Euskorpus proiektu estrategikoaren barruan, Euskorpora elkarteari bost milioi euroko dirulaguntza zuzena ematea onartu du gaur [uztailak 22] Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak,
Eusko Jaurlaritzak bost milioi euro bideratuko ditu Euskorporara, euskarazko kalitatezko corpus digitala garatu, hizkuntzaren teknologietan integratzen lagundu eta “euskal ehun ekonomiko eta industriala dinamizatzea ahalbideratuko duen Euskorpus proiektu estrategikoaren barruan. Dirulaguntza zuzena gaur goizean [uztailak 22] onartu du Gobernu Kontseiluak, eta azaldu dutenez, “Eusko Jaurlaritzak berrikuntzarekin, garapen teknologikoarekin eta euskarak ingurune digitalean duen presentzia aktiboarekin duen konpromisoa indartzen du”. Izan ere, jaurlaritzak “euskarazko industria teknologikoa sustatu” gura du, sektore estrategikoetan “berrikuntza eta lehiakortasuna” bultzatuta.
Teknologia digitalen bilakaera arina hizkuntza nagusien baldintza berdinetan lortu ezin duten hizkuntzak “desagertze digitalari aurre egiteko arrisku larria” dutela azpimarratu du jaurlaritzatik; horregatik, euskarak agertoki digital eta globalizatuan “garapenerako funtsezko tresna” izan izan behar du: “Euskarazko corpus digital hori sortzen lagundu behar da, hura kontzerbatzen, mantentzen eta industria-sarean zein gizarte-ehunean eragina sortzen laguntzeko, hizkuntza-baliabide digitalen Europako esparrura konektatuta”.
Euskorpora.
Euskorpus proiektu ekimen publiko-pribatuak “teknologia digitalei aplikatu beharreko hizkuntza-datuak” garatu eta kudeatzeko sortu zen Euskorpora, irabazi asmorik gabeko elkartea du buru, eta gero eta digitalizatuagoa den gizartean “euskararen etorkizuna bermatzea” du xede nagusitzat. Horretarako, euskarazko testuen corpus digitala “metodikoki” sortu eta kode irekiko adimen artifizialeko ereduak garatu behar dituzte.
Hala, Euskorporak, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako beharrizanak abiapuntutzat hartuta, sektore ezberdinek (justizia, hezkuntza, osasuna…) eskatzen dituzten “euskarazko hizketa eta lengoaia teknologikoetan oinarritutako aplikazioak” identifikatzeko lan egingo du.
Hiru fase.
Euskorpus euskararen etorkizun digitalaren aldeko “apustu estrategikoa” da, eta jaurlaritzaren AROA Marko Estrategikoan jasotako beharrizan bati erantzuten dio: “Euskara bezalako hizkuntza gutxituentzat arriskutsua da eremu teknologikoan irmoki ez jardutea”. Horregatik, Euskorpus proiektua “funtsezko tresna” bilakatu da adimen artifiziala eta ingurune digitala erabiltzean “hizkuntza berdintasuna” ziurtatzeko.
Proiektuak hiru fase nagusi ditu. Lehenengoan —plangintza eta definizioa—. bulego teknikoa martxan jarri eta corpus mota eta sektore estrategikoak ezarriko dituzte. Bigarrenean —garapena—, hizkuntz-corpusak bilatu eta “kode irekiko oinarrizko ereduak garatzea eta azpiegitura teknologikoak sortzea” izango dute helburu. Hirugarren eta azken fasean —transferentzia eta ustiapena—, berriz, corpus eta ereduak merkatu digitalean integratuko dituzte enpresek, erakundeek eta herritarrek erabiltzea errazteko asmoz.
Jaurlaritzatik nabarmendu dutenez, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren eta Kultura eta Hezkuntza Politika Sailaren partetik jasoko duen 5 milioi euroko dirulaguntzagaz, Euskorpusek guztira 10,55 milioi euroko finantzaketa izango du 2025-2027 aldirako. Era berean, eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren helburuekin bat eginda, eta euskara kultur ondare inmaterial legez indartzen lagunduz, jaurlaritzak “kultura- eta hizkuntza-aniztasunarekiko duen konpromisoa” berresten duela zehaztu dute.