Indarkeria matxistaren kontrako hirugarren udal protokoloa onartu du Ondarroako Udalak
Udalerriko erakundeen artean koordinatu eta jarduteko helburua duen protokoloa onartu du Ondarroako Udalak. Joan den asteko osoko bilkuran aho betez onartu zen hirugarren udal protokoloa.

Ondarroako Udalak aho betez onartu zuen joan den asteko osoko bilkuran indarkeria matxistaren kontrako hirugarren udal protokoloa. Honen helburu nagusia emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arretan Ondarroan esku hartzen duten erakundeen artean ahalik eta koordinazio handiena eta hoberena egotea dela azpimarratu du Ondarroako Udaleko Berdintasun Zinegotzia den Naiara Burgoak. “Ondarroako emakumeen eta gizonen berdintasunerako Udal Planean jasota dago, indarkeria matxista jasaten duten emakumeei ematen zaien laguntza beraien errealitateari oinarritua izan behar dela; beraz, ezinbestekoa da, ematen diren aldaketak kontutan izatea dauden zerbitzu eta baliabideen azterketa, egokitzapena eta eguneratzea egiteko. Hau guztia erakundeen arteko protokoloaren bitartez egiten da”.
Hala, Burgoak azpimarratu duenez, protokoloa osatzeko printzipio gidariek oinarrian ikuspegi feminista dute: “Printzipio horietan oinarrituta abiatu du Ondarroako Udalak protokoloaren eguneratze prozesua”. Bigarren protokoloaz geroztik, mugimendu feministaren aldarrikapen eta borrokei esker aurrerapauso nabarmenak eman direla zehaztu du Burgoak, eta ondorioz, nabarmendu du, protokoloa ez dela iristen dauden beharrizan eta betebeharrei erantzutea: “Hori dela eta, Ondarroako Udalak protokolo berri bat egiteko beharra ikusi du, ikuspegiari eta arretari dagokionez, aurrerapen horiei erantzun ahal izateko eta udalerriaren egungo eta etorkizuneko errealitatearekin bat etortzeko. Protokolo hau dinamikoa izan behar da, behar berrietara moldatzeko aukerarekin”.
Hala ere, indarkeria matxista adierazpenak, indarkeria sexistaz gain, bere baitan beste indarkeria batzuk ere hartzen dituela azpimarratu du berdintasun zinegotziak: “Eta denak dira patriarkatuaren ondorioz eta patriarkatuaren jarraipena bermatuko duten tresnak. Horrez gain, LGTBI+ kolektiboko pertsonen aurkako indarkeriak izaera espezifikoa du, eta sexu genero eta sexualitate sistema bitarra kontrolatzea eta mantentzea du helburu”. Hala, nahiz eta gaur gaurkoz eskuartean duten protokoloak emakumeen kontrako indarkeria matxistari erantzun, Ondarroako Udalak eta protokolo honen erakunde parte hartzaileek indarkeria matxista guztiak barnebiltzeko lanean jarraituko dutela adierazi du; besteak beste, LGTBI+ kolektiboaren kontrako indarkeria.
Urte osoko lan prozesuaren ondorioa da hirugarren udal protokoloa, eta helburua, datorren ikasturtean martxan jarri eta prozesuan zehar sortutako lan mahaiei jarraipena ematea dela zehaztu du Burgoak: “Protokoloak jarraipen eta ebaluaketa bat izan behar du. Horretarako, koordinazio mahai desberdinak daude; besteak beste, teknikoa eta politikoa. Hala, jarraikortasun batekin batuko dira koordinazio mahai hauek, eta ebaluazioa egiten joango dira. Hortik, ateratako emaitzen gainean balorazioa egin eta datuak eguneratzen eta protokoloa hobetzen joango gara. Bizirik dagoen protokoloa da, eta ez dago ezer itxita”. Gainera, ikasturte amaieran, erakunde bakoitzak datuak pilatuko ditu, eta datuak batuta Ondarroako argazkia osatuko dute: “Ikusiko dugu zein zerbitzu indartu behar diren, zerren inguruan hausnartu behar dugun eta orokorrean, zein erakundetan egon diren kasu gehien”.