Malen eguna goi-goitik ospatzen dabiltza mutrikuarrak
Jendetza batu da Mutrikuko Musika bandak Goiko plazan eskaini duen kontzertuan.

Atzo [uztailak 21] eman zioten hasiera ofiziala Mutrikuko Malen jaiei, nahiz eta zapatuan [uztailak 19] Gazte Egunarekin hasi zuten jaietako egitaraua. Gaur [uztailak 22], eguraldia lagun dutelarik, Malen eguna “goi-goitik” ospatzen dabiltza.
Diana musika banda arduratu da goizean goiz herriko txokoak musikarekin girotzeaz, eta ondoren, Meza Nagusiaren txanda izan da Jasokundeko Andra Mariaren parrokian. Gainera, gaurkoan, herriko gaztetxoenek ere haur parkean gozatzeko aukera izan dute Egaña frontoian. Arratsaldean ere, 17:00etatik 19:30era, haur parkea irekita egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek.
13:00etarako hasi da Musika Bandaren kontzertua Goiko plazan, eta jendetza batu da bertan; bai plazetako eserlekuetan, eta baita inguruko tabernetako terrazetan ere. Behin goizeko egitarauari amaiera emanda, arratsaldean ere egongo da zertaz gozatu Mutrikun.
18:00etan emango diote hasiera urteroko Sokamuturrari, eta ondoren, Herri kirolen ikuskizuna egongo da Goiko plazan. Mikel Larrañaga eta Ugaitz Mugerza Julen Alberdi Txikia IV eta Aratz Mugerzaren aurka arituko dira. Lan ezberdinetan arituko dira elkarren aurka: aizkoran zutik, aizkoran horizontalean eta amaitzeko, lan konbinatuak egingo dituzte. Ondoren, Udane Ostolaza, Xuhare Urruzuno eta Inhar Urruzunok harri mota ezberdinen erakustaldia egingo dute.
Gauean, su artifizialak eta FAN AND GO erromeria egongo dira, baina aurretik, 20:30ean, Arratians taldearen kontzertua egongo da txosnagunean. Egunari amaiera emateko, Ganibet taldea igoko da oholtzara 23:30ean, eta ondoren, Kaparrak taldearen txanda izango da.
Hala ere, festa giroak ez du etenik izango oraindik Mutrikun. Bihar [uztailak 23], Malen txiki egunean, txikien txanda izango da. 10:00etarako emango diote hasiera egunari Goiko plazan egingo den umeen marrazki lehiaketarekin, eta ondoren, gaur bezala, haur parkea egongo da Egaña gunean goizean. 12:00etan, Mutrikuko Sokatira taldeak antolatuta, Erraldoi eta buruhandien konpartsaren eta txistu taldearen kalejira egongo da, eta gero, umeentzako herri kirolak egongo dira.
Malen txiki eguna izateaz gain Elkartasun eguna ere badenez, 13:00etan Kantupoteoari hasiera emango diote Bizixo jai konpartsaren eskutik. Ondoren, bazkari herrikoa egongo da txosnagunean. Arratsaldean ere denetik ikusi eta egiteko aukera egongo da Mutrikun.










































