Beste erakusleiho bat kolorez beterik
'Markina-Xemein zabalik' programaren baitan Urbitarte kaleko erakusleiho bat apaindu dute Sormen Lantegiko kideek, Markina-Xemeingo Udalak, Leartibai Fundazioak eta Hemen Be Bai merkatari elkarteak babestuta.

Markina-Xemeingo Udalak Markina-Xemein zabalik programa ipini zuen martxan iaz, hutsik dauden herriko lokalen erakusleihoak apaindu eta erabilera emateko asmoz, eta Urbitarteko kaleko lokal bat gehitu dute programara. Hala, Sormen Lantegian parte hartzen duten sortzaile gazteek sortu dute diseinua.
Udalagaz batera, Leartibai Fundazioak eta Hemen Be Bai merkatari elkarteak bultzatzen dute programa. Helburua, jarduera gaber dauden herriko lokal hutsei erabilera emateaz gain, ekintzailetza bultzatu eta herriko kaleak apaintzea ere badira. Hala, gogorarazi dutenez, lokal hutsen jabe direnek eta interesa dutenek nahiz ekintzaileak direnek eta norbere jarduera aurrera eroateko lokala behar dutenek udalarekin harremanetan ipini daitezke euren eskaera bideratzeko.