Malenetako hirugarren egunean festa giroan murgilduta dabiltza mutrikuarrak
Herriko txikienek izan dute protagonismoa gaur [uztailak 23] goizean Goiko plazan. Eguerdian, Elkartasun egunari hasiera eman diote kantu-poteoarekin.

Musika, sormena eta ongi pasatzeko gogoa. Malen jaien hirugarren eguna ospatzen dabiltza mutrikuarrak, jai giroan bete-betean sartuta. Gaurkoan, udalerriko umeak protagonista izanik, Goiko plazan egin den umeen marrazki lehiaketarekin hasi dute Malen Txiki eguna. Bestalde, Bizixo Jai Konpartsak antolatuta, Elkartasun eguna ere ospatzen dabiltza.
12:00etan, suziriarekin batera, erraldoi eta buruhandien konpartsak eta txistu taldeak osatutako kalejirak herriko txoko guztiak zeharkatu ditu; umore onak eta musikak lagunduta. Ondoren, Goiko plazan batu dira guztiak, Mutrikuko Sokatira taldeak prest baitzituen umeentzako herri kirolak. Hala, denetarik probatu ondoren, goizean egindako marrazki lehiaketako sariak banatu dituzte. Guztira, 37 parte hartzaile egon dira, eta denak oholtza gainera igo dira argazki erraldoia ateratzeko. Udal ordezkariek lanen “maila ona” azpimarratu eta parte hartzaile guztiak zoriondu dituzte.
Ordu berean, Bizixo jai konpartsak antolatuta, euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko Elkartasun egunari hasiera eman diote Beheko plazan. Txoko batetik bestera ibili dira, kantu-poteoan, txistularien laguntzarekin, eta berriro ere, Beheko plazan eman diote amaiera, euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko ekitaldiarekin.
Ekitaldian, euskal preso, iheslari eta deportatuen auziari konponbidea ematearen beharra azpimarratu dute, eta hauek etxera ekartzeko lanean jarraituko dutela argi utzi dute: “Ezinbestekoa da etorkizunari begira eta elkarbizitza agertokietara jauzi egin nahi badugu aipaturiko ondorio guztiekin amaitzea. Ezinbestekoa da biktimek horren beharrezko dituzten egiaren, aitortzaren eta erreparazioaren bideak amaieraraino jorratzea eta noski, ezinbestekoa da euskal preso, iheslari eta deportatuen auziari konponbidea ematea. Lege eta politika arruntak dira bidea, horiek ezartzeko eta aplikatzeko borondatea falta da ordea. Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera!”. Ekitaldiaren ostean elkartasun bazkarian batu dira; guztira, 70 lagun inguru.
Arratsaldean, umeentzako egitarauak jarraipena izango du Mutrikun. Izan ere, 17:00etan, Garbijai ikuskizun parte hartzailea egongo da, eta jakinarazi dutenez, eguraldiaren iragarpena dela eta Merkatu Plazan egingo dute ikuskizuna. Ordu berean, txikien Madalen txapelketako finalak jokatuko dira Miruaitz frontoina, Danok Bat elkartearen eskutik.
20:00etan emango diote hasiera Hogar del Marinero elkarteak antolatutako umeen danborradari. Momentu berezia izaten da gaztetxoenentzat, danborra noiz hartuko zain egoten baitira Malen jaietan. Aurten, 110 ume inguruk parte hartuko dute, eta ondoren, Goazen! karaokea egongo da plazan. Hala ere, nagusiek ere izango dute zertaz gozatu; izan ere, 21:30ean Selektah Stepi egongo da txosnagunean, Bizixo jai konpartsak antolatuta.

























































































































































































