Natoren kontra daudela aldarrikatuko dute zapatuan Lekeition
Goizean inperialismoaren kontrako borroken erakusketa eta 'Egoera geopolitikoa ulertzeko gakoak' hitzaldia egongo dira. Ostean, bazkaria egingo dute plazan.
Herritar talde batek antolatuta, zapaturako [uztailak 26] goiz guztiko egitaraua prestatu dute Lekeition, Natoren kontra daudela aldarrikatzeko. Besteren artean, erakusketa eta hitzaldi elkarrizketa egingo dituzte.
Antolatzaileek dei egin dute egunagaz bat egin eta Natoren aurkako mezuak zabaltzeko: “Azken hilabeteetan mundu guztian bizi dugun eskalada militarrak ez dauka aurrekaririk gerra hotzen sasoitik, eta Gobernu Espainiarra eta berau babesten duten partiduak honen konplize dira. Lehengo moduan, orain ere gure blokeko agintariak (AEB eta Europako aliantza) kaleen bidez presionatzea da eskutan daukagun tresna eraginkorrena. Ez da bakarrik sufritzen daudenekiko elkartasun kontu bat: internazionalismoa langile klasearentzat derrigorra da”.
10:00etan emango diete hasiera egunari, Eskolapean. Bertan ipiniko dute inperialismoaren kontrako borroken erakusketa eta NATOri EZ hautesontzia. Ostean, 12:30ean, Nautika aurreran Egoera geopolitikoa ulertzeko gakoak hitzaldi elkarrizketa egongo da. Egunagaz amaitzeko, 14:30ean bertso bazkaria egingo dute plazan, eta jarraian, txaranga egongo da.