Zapore lea-artibaitarra duen Hondarribiko Grand Slama
Aurkezpen jardunaldiaren ondoren, XIX. Hondarribia Grand Slamaren lehen ligaxka jardunaldia jokatuko dute barikuan [uztailak 25], Jostaldin. Lea-Artibaitarren ordezkaritza oso azpimarragarria da; tartean dago iazko garaile Jokin Arbe.

Hondarribiko Jostaldi pilotalekua zesta-puntaren udako geraleku nagusienetako bat izango da aurtengoan ere, hemeretzigarren aldiz. Hondarribia Grand Slam txapelketak egungo puntistarik onenetako zenbait elkartuko ditu eta, iraila bitartean, goi mailako partiduz hornituko du Hondarribiko pilotalekua, beti barikuz eta 20:00retan hasita.
2007az geroztik, urtero-urtero egin izan dute lehiaketa, eta, Jai Aliveko antolakuntzaren berbetan, pilotaren “erreferenteetako bat” izatera iritsi da. Aurtengoa, baina, berezi askoa izango da, estreinakoz hondarribitar bi kantxaratuko direlako: alde batetik, Miamin profesional izandako Julen Basterra Txanika nabarmendu dute; bestetik, debut handia egingo duten Oier Kanpandegi. Lea-Artibaiko nahiz Mutrikuko ordezkaritza ez da makala izango. Kanpandegi gazteak Erik Mendibazabal mutrikuarrarekin osatuko du bikotea.
Iragan astean herriko puntistek lehiaz kanpoko lehen jardunaldia jokatu baldin bazuten ere, bariku honetan [uztailak 25], Mendizabalek eta Kanpandegik grand slamerako erabakigarria izango den lehen saioa abiatuko dute, estreinako ligaxka jardunaldia. Mutrikuarrak eta hondarribiarrak bikote lea-artibaitarra edukiko dute aurrez aurre: Jokin Arbe markina-xemeindarrak eta Ortzi Aldazabal Argoitia 18 urteko atzelari berrituarrak osaturikoa. Partidu nagusia orduko, Hondarribiko Pilota Eskolako gaztetxoen txanda izango da. Antolatzaileek, jaialdia aurkezterakoan, eskolaren lana “fruitua ematen ari dela” azpimarratu zuten eta, horrenbestez, txapelketan ikusgarritasun handia emango diote.
Iazko garaileek, Jokin Arbek eta Guillen Oihenardek, elkarren aurka jokatuko dute aurten
Bigarren jardunaldian [abuztuak 1], Alex Hormaetxea bermeotarraren txanda izango da, Ruben Bailo noaindarrarekin batera; Bixente Gonzalez miarriztarraren eta Gorka Mugartegi Atain markina-xemeindarraren aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Abuztuaren 15ean, berriz, Arbek eta Argoitiak Victor Hernandez donostiarra eta Guillen Oihenard mauletarra izango dituzte arerio. Hortaz, iazko garaile Arbe eta Oihenard elkarren aurka jokatzen ikusteko parada edukiko dute zestazaleek. Jostaldi, hain zuzen, agertoki berezi askoa da Arberentzat, bertan irabazi baitzuen, duela lau urte, bere lehen grand slama.
Munduko onenak.
Abuztuaren 22ko ligaxka jardunaldiak edukiko du berezitasunik: emakumezkoak ekuazioan sartuko dira, zuzenean finalaurrekoak jokatuz. Egungo munduko txapeldunak eta Nazioen Ligaren garaileak, Erika Mugartegi eta Arai Lejardi markina-xemeindarrak, izango dira izar nagusiak, baina “promesa gazteak” ere presente izango dira azpimarratu dute. Lejardik lehen finalerdian, Tania Maiorga mexikarrarekin jokatuko du, eta bere ahizpa Lur, ostera, aurkari; lejarditarretako gazteenak, hain zuzen, Laura Rodriguez noaindarrarekin jokatuko du. Gizonezkoei dagokienez, egun horretan Txanikak eta Eñaut Salegi markina-xemeindarrak Hormaetxearen eta Bailoren aurka edukiko dute hitzordua.
Abuztuaren 22an, Lejardi ahizpek elkarren aurka jokatuko dute
Abuztuaren 29an, azkenengo ligaxka jardunaldian, Naroa Merino tolosarrak eta Alize Arriaga markina-xemeindarrak Mugartegiren eta Gisela Ucles bartzelonarraren aurka jokatuko dute. Ondoren, Gonzalez-Atain eta Txanika-Salegi bikoteen txanda izango da. Grand slamaren finalaurreko txanpa irailaren 12an izango da; hala emakumezkoen, nola gizonezkoen final handiak, berriz, irailaren 19an jokatuko dituzte. Sarrerak salgai daude, eta Internet bidez nahiz aurrez aurre lortzeko aukera dago; azken bide hori hautatuz gero, Arma Plazara, Hendaiako Turismo Bulegora edota pilotalekuaren lehiatilara jo behar dela iragarri dute. Ligaxka jardunaldietako sarreren prezioa 10 eurokoa da; finalerdietakoena, 12 eurokoa; finaletakoena, azkenik, 15 eurokoa.