Lekeitioko lur azpia ezagutzeko aukera, ADESen eskutik
ADES Espeleologia Elkarteak erakusketa eta hitzaldia eskainiko ditu hurrengo astean Lekeition.

ADES Espeleologia Elkartearen eskutik, eta Lekeitio 700 egitasmoaren baitan, Lur azpiko Lekitto erakusketa jarriko dute ikusgai astelehenean [uztailak 28], eta abuztuaren 3ra arte egongo da, Eskolapeko aretoan. 19:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. Lekeitio inguruko kobazuloetako irudi ikusgarrienak aukeratu dituzte, argazki eta multimedia euskarrietan: “Paisaia, objektu eta dokumentu argitara gabeen bidez, begien bat-bateko gozamena bilatzen dugu”.
Hala ere, jakin-mina duenari informazio gehigarria lortzeko bidea emango diete. Erakusketaren izen bereko hitzaldia eskainiko dute eguaztenean [uztailak 30], 19:00etan, Azkue aretoan. Urak lurpean irekitako bideak esploratuz, geologia, biologia eta antropologiagaz lotutako aurkikuntzen inguruan ariko dira: “Zientziak mugitzen gaitu, baina abentura zirraragarri honetan barneratzeko, trebakuntza teknikoa eta gaitasun fisikoa ere beharrezkoak dira, bai norbere segurtasunerako, bai lurpeko ondare hauskorra behar bezala jagoteko”.
Diotenez, Lekeitio “leku pribilegiatua” da: “Gure herriaren kanpoko paisaia ezaguna da mundu osoan; orain, berriz, ezkutuan dauden txokoak eta ikuspegiak argituko ditugu”.