San Pedro jaietarako prest daude Mendexan
Uztailaren 31tik abuztuaren 2ra ospatuko dituzte Mendexako San Pedro jaiak, eta abuztuaren 10ean auzoen arteko marmitako txapelketa lehiatuko dute. Aurreikuspen onak egin dituzte antolatzaileek, eta jaietarako "gogotsu" daudela adierazi dute.

Uda sasoian bete-betean murgilduta dauden honetan, San Pedro jaiak ospatzeko prest daude aurten ere mendexarrak. Uztailaren 31tik abuztuaren 2ra bitartean, jai giroak ez du etenik izango. Besteren artean, abuztuaren 10ean lehiatuko dute auzoen arteko marmitako txapelketa: “Normalean, jaiak amaitu eta hurrengo domekan egiten dugu marmitako txapelketa, baina, aurten, jaietako azkenengo eguna zapatua dela ikusita, hurrengo asteburuan jarri dugu auzotarren arteko marmitako lehiaketa, guk ere atseden hartzeko”.
Hala ere, marmitakoarena ez da izango San Pedro jaietako txapelketa bakarra. Izan ere, uztailaren 31n Karraspio hondartzan egingo duten boleibol txapelketa izango da lehenengoa, eta egun berean, meza ostean, Mendexako Esku Pilota Txapelketaren finalak ere lehiatuko dituzte.
Arratsaldean, berriz, Briska Txapelketa jokatuko dute, eta momentuan bertan eman beharko da izena; hirukoteko 15 euro ordaindu beharko dira. Lau sari banatuko dituzte: lehenengoak 150 euro eta garaikurra irabaziko ditu; bigarrenak, 105 euro; hirugarrenak 75 euro; eta laugarrenak 45 euro.
Gainera, Briska Txapelketaren aurretik, jubilatuen bazkaria egongo da. Ondoren, txapel jaurtiketaren txanda izango da, eta gero, Irrintzi Txapelketa egongo da. Irabazleak, 30 euro irabaziko ditu; bigarrenak, 20 euro; eta hirugarrenak, berriz, 10 euro.Gauean, jai giroan bete-betean sartzeko asmoz, hiru talde igoko dira txosnaguneko oholtzara: La Txama, Tatta & Denso eta Tintz.
Abuztuaren 1ean eta 2an ere izango dute zer ospatu mendexarrek. Gainera, egun horiek ere, txapelketez beteta egongo dira: «Aurreko urteetako formatu beragaz datoz aurten ere jaiak. Ondo funtzionatzen dute, eta, beraz, horrela mantendu dugu egitaraua. Gainera, iaz, abuztuaren 1eko arratsaldean lehenengo aldiz erromeria jarri genuen, eta oso ondo pasatu genuenez, aurten ere horrela egingo dugu».
Abuztuaren 1ean umeen krossa egongo da Mendexan, eta aurretiaz izena eman beharko den lehiaketa bakarra izango da: “Horretarako galdetegia zabaldu dugu. Parte hartu nahi dutenek jaietako kartelean dagoen QR-a jarraituz, bertan dagoen galdetegian izena eman behar dute”. Egun berean, play-back lehiaketa ere egongo da: “Play-back lehiaketarako 20:00etatik 21:00etara bitartean izena eman beharko da, txosnan bertan”.
Umeen krosean parte hartzeko aurretiaz eman beharko da izena.
Abuztuaren 2a ere txapelketez gainezka datorrela aurreratu dute mendexarrek; izan ere, Tortilla Txapelketa, Zapu Jokoa eta Mus Txapelketa egongo dira. Zapu jokoan bi sari emango dituzte: lehenengoak 20 euro irabaziko ditu eta bigarrenak, berriz, 10 euro. 17:00etan hasiko dute Mus Txapelketa eta 16:30ean izena eman beharko da. Lehenengo saridunak txapela eta izena ematean batutako diruaren erdia irabaziko ditu; bigarren sarituak batutako diruaren %30; hirugarren sarituak %20; eta laugarren sarituek ardo botila bana. Ondoren, festa giroarekin jarraitzeko bi kontzertu egongo dira: Estutu eta Tatxers. Eguna amaitzeko, Dj Amataki igoko da oholtzara.
Aldarriak, erdigunean. San Pedro jaiak heltzeko “gogotsu” daude, eta antolakuntzatik herritar guztiei jaietan parte hartzeko deia egin diete: “Ondo pasatzeko datak izaten dira mendexarrontzat; lan handia egiten dugu jaiak aurrera ateratzeko, baina, aldi berean, gozatzeko egunak ere izaten dira. Beraz, prest gaude guztia emateko. Hala ere, herritarren parte hartzea beharrezkoa da jaietan guztiok ondo pasatzeko, bakoitzak bere alea jarrita errazagoa baita”.
Horrez gain, jaietan aldarriak ere presente egongo direla argi daukate: “Urtero legez, euskararen aldeko hautua egitea beharrezkoa ikusten dugu. Jaietan ere, Mendexako plazara festa girora datozenak euskaraz entzun nahi ditugu. Eta, nola ez, argi utzi nahi dugu ez dugula inolako eraso matxistarik onartuko. Beraz, hiru aldarri horiek lau haizetara zabaldu nahi ditugu: parte hartzearen beharrezkotasuna, euskararen hautua, eta erasorik onartzen ez dugun herria garela”. Erasoren bat jasoz gero, protokoloa edukiko dute, eta txosnan puntu morea egongo da: “Erasoen aurrean txosnara joan eta bertan salatzea eskatuko dugu”.
Hiru aldarri horiek lau haizetara zabaldu nahi ditugu: parte hartzearen beharrezkotasuna, euskararen hautua, eta erasorik onartzen ez dugun herria garela.