Giro intimo eta gozagarria, Itsas Soinuaren gau modernoetan

Itsas Soinua nazioarteko musikaldiak 45. edizioa itxi du asteburu honetan, gau modernoen bigarren atalarekin. Bi bloketan banatutako zikloak azken akordeak jo ditu, eta antolatzaileek balorazio «oso positiboa» egin dute.
Zikloaren bigarren zatia izan da asteburu honetakoa, eta musika garaikideak hartu ditu Lekeitioko iluntzeak. Antolatzaileen esanetan, bi egunetako emanaldietan publiko ugari bildu da eta jarrera «oso baikorra» erakutsi du; askok zoriondu egin dituzte, musikarien hautaketa borobila egin dutelakoan.

Argazkia: Itxas Soinua
Lehen egunean, Geraldine Trio izan zen protagonista: gitarra, ahotsa eta perkusioa uztartuta, jazzaren eta bosanovaren arteko bidea egin zuten. Giro lasai eta hurbila sortu zen aretoan, eta entzuleek kontzertuaz gozatzeaz gain, emozionalki konektatzeko aukera ere izan zuten.
Bigarren egunean, berriz, Femmm Jazz emakumezkoen ahots bandako izan ziren protagonistak. Giro «zoragarria» izan zen berriro, eta harpa jotzaile baten parte hartzeak freskotasuna eta originaltasuna ekarri zuen eszenatokira. Abesti ezagunak eta ezezagunak uztartuz, jazzaren eta ahotsaren arteko fusioan sakondu zuten, banda formatuan, eta publikoak harrera beroa egin zion berrikuntzari.

Argazkia: Itxas Soinua
Antolakuntzaren arabera, aurtengo zikloa «oso arrakastatsua» izan da, bai publiko kopuruagatik, bai jendearen parte hartze aktiboagatik. «Eskerrak eman nahi dizkiegu ikus-entzule guztiei; kontzertuetan horrenbeste jende ikustea pozgarria da guretzat, eta horrek indarra ematen digu aurrera jarraitzeko», adierazi dute. Esker bereziak ere helarazi dizkiete bazkideei, erakusten duten fideltasunagatik.

Argazkia: Itxas Soinua
Lekeition, musika itsasoaren soinura gehitu zaio beste urte batez. Hurrengo edizioa antolatzeko ilusioz daude jada.