Umeak protagonista, Etxebarriko Santixau jaien azken egunean

Asteburu bete ospakizunen ostean, azken txanpan sartu dira Etxebarriko Santixau jaiak. Gaur, astelehena, Umeen eguna ospatzen ari dira, eta haiek izan dira eguneko protagonistak. Goizean goizetik ekitaldiz betetako egitaraua antolatu dute haientzat, eta eguraldiak lagundu ez duen arren, karparen azpian ospatu dira saio gehienak.
Goizeko 11:30ean hasi da eguna, plazan jartzen diren puzgarri eta jolas guneekin. Ondoren, 12:00etan, karparen babesean eman diote hasiera VII. Chef Lehiaketari, eta 10 eta 17 urte bitarteko gazteek parte hartu dute. Aurten, tortilla patatak sukaldatzea izan dute erronka, eta ordubetez jardun dute gazteek beren sukaldaritza gaitasunak erakusten.
Giro polita sortu da lehiaketaren inguruan, guraso ugari hurbildu baitira ikuskizunaz gozatzera eta euren seme-alabei animoak ematera. Batzuek, gainera, aholkuak ere eman dizkiete, gazteen eskariari erantzunez. Aurreko urteko irabazleak eta bigarren postuan geratu zirenak ere han izan dira, amantalak jantzita eta titulua defendatzeko prest.
Arratsaldean jarraituko du ospakizunak: 19:00etan bits jaia egingo dute futbito zelaian, eta 22:00etan film laburren emanaldia eskainiko dute plazan. Jaietako azken unean, UGA eta ZIXU taldeek agurra emango dute, eta zuziriek emango diote amaiera Santixau jaiei, beste urte batez.
Asteburu bete giro eta jardueraz. Ostiralean, (uztailak 25), Santixau Eguna ospatu zuten meza nagusiarekin eta dantza emanaldi herrikoiekin. Frontoiak ere protagonismoa hartu zuen pilota partidekin eta DJ Ruben Costasen musikarekin amaitu zen eguna.
Larunbatean (uztailak 26), kuadrillen eguna izan zen. Herriko giroa berotu zuten paella herrikoiak eta jokoek, eta DJ Mirenen saioarekin borobildu zuten gaua. Igandean (uztailak 27), nagusiak izan ziren protagonista, meza eta omenaldiekin, AMAK antzerkiaz bukatu zen eguna.
Etxebarriarrek eta bisitariek gogoz parte hartu dute egitarau zabal eta askotarikoan, eta azken egun honetan, haurrek ere izan dute euren txanda protagonista izateko.























