Etxebarriako Udalak argitu du ez duela ezezko borobilik eman gaztetxerako eskaerari
Gazte Asanbladak gaztetxe baten beharra azaldu eta gero, udalak dio gazteentzako espazio bat sortzeko borondatea duela, baina momentuz ezinezkoa dela euren eskaerari erantzun osoa ematea.
Uztailaren amaieran zabaldutako Bilbubarri aldizkariaren ale batean jasotako informazioaren harira, Etxebarriako Udalak ohar bidez argitu du Gazte Asanbladak gaztetxe bat sortzeko egin duen eskaerari ez diola «ezezko borobilik» eman. Alkateak sinatutako idatzian adierazi duenez, udal gobernuak hasieratik ulertu du eskaeraren zentzua, eta gazteentzako espazio bat sortzeko interesa azaldu du.
Udalak azaldu du Gazte Asanbladak hainbat ekintza –bertso afariak, kontzertuak eta bestelako jarduerak– antolatzeko espazio baten beharra adierazi zuela apirilaren 4an egindako bilera batean. Ordea, une honetan, udalaren arabera, ezinezkoa da eskari horri erantzun osoa ematea, erabilgarri dauden espazioek ez dituztelako segurtasun, irisgarritasun eta edukiera baldintzak betetzen.
Alkatearen hitzetan, «gazteentzako espazio bat sortzea interesatzen zaigu, baina espazio horrek baldintza guztiak bete behar ditu». Horregatik, udal ordezkariek jakinarazi diete Gazte Asanbladako kideei eskatzen duten moduko espazio bat erabilgarri egon arte itxaron beharko dutela: «eskola berria egin eta zaharra moldatu arte».
Etxebarriako Udalak jakinarazi duenez, etorkizuneko proiektuetan eskolako beheko solairua (212 m² ingurukoa) Gazte Asanbladak antolatutako ekintzak hartzeko egokitu daiteke horrela erabakitzen bada guztien artean Momentuz, ordea, frontoia, jubilatuen etxea, elixopea eta udal eraikinak jarraitu beharko dute partekatzen gainontzeko herritarrekin.
Udalak azpimarratu du Gazte Asanbladaren jarduna eskertzekoa dela, eta espazio publikoa erabiltzeko eskubidea dutela, betiere legearen eta erabilera arauen barruan. Halaber, Gazte Lokala batzarrak egiteko eta biltegi gisa erabiltzen jarraitu dezaketela berretsi du.
Bukatzeko, udal ordezkariek adierazi dute Gazte Asanbladako kideekin harremana mantentzen jarraituko dutela, eta etorkizunean erabilgarri egongo diren espazioei buruzko erabakiak adosteko prest daudela. Gazteen ekarpena «funtsezkotzat» jo dute herriaren bizitasunerako.