Lekeitiok goi mailako arrauna hartuko du domekan
Eusko Label eta Euskotren ligetako estropada nagusiak jokatuko dira, eguerdiko 12:00etatik aurrera

Euskal Herriko arraunaren hitzordu garrantzitsuenetako bat izango da domeka honetan Lekeition. Izan ere, Eusko Label eta Euskotren ligetako estropadak jokatuko dira bertako uretan, goi mailako gizonezkoen zein emakumezkoen traineruak bilduz. Gaur goizean egin da estropadaren aurkezpena, Lekeitioko Silken Palacio Uribarren hotelean, eta han izan dira antolatzaileak, babesle nagusiak eta Isuntza Arraun Elkarteko ordezkariak.
Isuntzako ordezkariaren hitzetan, «guretzat poz handia da beste urtebetez elite mailako bi estropada Lekeition antolatzeko aukera izatea». Eskerrak eman dizkie, halaber, babesle nagusiei: «Kutxabanki eta El Correori eskerrak eman nahi dizkiegu, hainbeste urtez etengabe laguntza ematearren; bai Lekeitioko mutilen bandera nagusia laguntzen. Eta baita Euskotreni era emakumezkoen ligari ematen dioten babesagatik ere». Lekeitioko Udalak urte osoan zehar erakusten duen konpromisoa ere nabarmendu dute: «Ez bakarrik bandera honetarako, baizik eta denboraldi osoan zehar Isuntzari ematen dion laguntzagatik, eta batez ere ACT ligan gaudenetik babes hori handitzearren».
«Lau erakundeoi eskerrak eman besterik ez dugu, hemen egon eta estropada aurrera eramaten laguntzearren», azpimarratu dute.
Euskal Herriko trainerurik onenak ikusgai izango dira domekan, abuztuaren 3an, eguerdiko 12:00etan hasita. Lekeitioko uretan lehia estua espero da, eta bertako zaleek etxeko taldea ere animatzeko aukera izango dute. Estropada ikusgarria espero da, bai kirol mailagatik, bai ingurune paregabeagatik.