Pako Solabarrieta hil da, 84 urterekin
Ondarroako aurrelari historikoa izan zen; Sporting de Gijonen garaiko mitoa bihurtu zen.

Pako Solabarrieta (Francisco Solabarrieta Arkotxa) hil zen bart, 84 urterekin. Ondarroan jaioa 1940ko azaroaren 9an, aurrelari gisa jokatu zuen hainbat taldetan, eta bereziki gogoratzen da Sporting de Gijonen egindako ibilbide oparoagatik. Bost aurrelarirekin jokatzen zen garai hartan, eta Solabarrieta izen propio bihurtu zen talde asturiarrean.
1963tik 1969ra, Sporting de Gijonen elastikoa jantzi zuen: 121 partida ofizial eta 83 gol sartu zituen. 1966/67 denboraldian, Bigarren Mailako golegile nagusia izan zen: 22 golekin. Aurreko sasoian, 24 gol sartu zituen liga berean. Ez zen arinena, ezta teknikoena ere, baina boleaz edo erremate akrobatikoz lortutako golak zaleen buruan geratu ziren betiko.

Solabarrieta, senideez inguratuta, Eibarko Ipuruan egin zioten omenaldian. Argazkia: DV
Bere ibilbidea ez zen Sportingera mugatu. Jokalari gisa ibili zen Aurrera KE-n, bere herriko talde maitean, baita Mutriku FT-n ere, inguruko futbolarekiko lotura sendoa erakutsiz. Gainera, SD Eibar, CA Osasuna eta CD Tudelano taldeetan ere aritu zen.
Solabarrieta ez zen inoiz Lehen Mailara iritsi Sportingekin, baina betiko geratu zen zaleen bihotzean. Aurrelari handia izan zen, eta, batez ere, herri bateko seme maitea. Gaur Ondarroan, gola isildu da.
Heriotzaren berri jakin eta berehala, Sporting de Gijonek doluminak adierazi dizkio familiari eta gertukoei:
«Francisco Solabarrieta jokalari ohia hil izanagatik doluminak. Real Sporting de Gijónek bere doluminak adierazi nahi ditu Francisco María Solabarrieta Arcocha jokalari ohiaren heriotzagatik, 2025eko uztailaren 30ean, 84 urterekin zendu baita.»
Halaber, Aurrera KEk ere gogora ekarri du bere aurrelaria:
«Pako Solabarrietak utzi gaitu bart. Aurrelari golegilea, talde bat baino gehiagotan marka utzitakoa. Zaldupera begira beti, azken hatseraino, ateak zulatzen onena baitzen, arratsalde eder asko emanez aurrerazaleoi. Besarkada estu bat etxeko eta lagunei.»