Itsas memoria eta belauntziak, protagonista Lekeition
Batelero Eguna hasiko da gaur, herriaren 700. urteurrenaren harira.
Lekeitiok Batelero Eguna hartuko du gaurtik aurrera, eta igandera [abuztuak 3] bitartean, itsas ondarearen eta belauntzi tradizionalen inguruko jarduera anitz eskainiko ditu. Euskal Bateleroen Elkarteak antolatu du egitasmoa, herriaren 700. urteurrenaren baitan, eta itsas kulturaren transmisioa izango du helburu nagusi.
Bihar arratsaldean emango zaio hasiera ospakizunari, parte hartuko duten ontzien harrerarekin eta ongietorri ofizial batekin. Hurrengo hiru egunetan, portua eta inguruko kaleak jarduera kultural eta herrikoi ugariren eszenatoki bihurtuko dira: nabigazio saioak, belaontzi berrien izendatzea, ikus-entzunezko emanaldiak, kontzertuak, dantza tradizionalak eta gastronomia herrikoia, besteak beste.
Bela, arraun eta memoria. Ostiralean, eguraldiaren eta itsasoaren egoeraren arabera, lehen irteera kolektiboa egingo dute 11:00etan, eta jarraian, belaontzi berrien bataiatzea egingo dute. Arratsaldean, 16:30ean, ontzi nagusien sarrera ikusgarria izango da, eta San Pedron musika emanaldiarekin amaituko da eguna.
Bihar [uztailak 2], ‘Zingan’ nabigazio lehiaketa ospatuko da eguerdiko 12:00etan, patroien artean. Arratsaldean, 19:00etatik aurrera, herriko kaleak animatuko dira arrain salmenta zaharren antzezpenarekin eta euskal dantzekin. Egunari amaiera emateko, sardinada herrikoia egingo dute Sanpedropean.
Etzi [uztailak 3], jarduerak goizean zehar luzatuko dira, eta 16:30ean emango zaio amaiera ofiziala jaialdiari.
Euskal kostaldeko ohiturak ardatz. Euskal Herriko hainbat txokotatik, Galiziatik eta Bretainiatik etorritako batelariak bilduko dira Lekeition: guztira, 30 bat belauntzik hartuko dute parte asteburuko egitarauan. Antolatzaileek nabarmendu dute azken hamarkadetan egindako lana erakutsi nahi dutela, itsas ondarea, jantzi tradizionalak eta belauntzi motorrik gabekoen erabilera berreskuratzeko bidean. Herritarrak eta bisitariak gonbidatuta daude, jai giro parte hartzailean itsas kulturaren oroimena bizirik mantentzeko.