San Inazio eguna Ondarroan: sardina usaina, bertsoak eta kalearen poza nagusi

Uztailaren 31n, ohikoa den legez, San Inazio eguna ospatzen ari dira Ondarroan, eta eguerdi partean kaleak festa giroz bete dira. Iñaki Deuna kalea bereziki jantzi da egun seinalatua ospatzeko, auzoko bizilagunek eta komertzioek prestatu dituzten apaingarriei esker.
Egitaraua goizeko 12:00etan hasi da sardina erre usainak kalea hartu duenean. Borondatearen truke banatutako sardina erreak dastatzeko aukera izan dute herritarrek, eta jende ugari hurbildu da Dorrepe ingurura gosea asetzeko. Giro atsegin horren barruan, 13:00etan hasi da Unai Iturriaga eta Jon Maia bertsolariek eskainitako bertso saioa, eta ez dute hutsik egin: goi mailako bi bertsolariak aritu dira jendearen gozamenerako, umorea eta bertso jarioa bikain uztartuz.
Kalea txiki geratu da ikusmin handia piztu duen saio horretan. Ondarrutar askorentzat berezia izaten da San Inazio eguna, eta urtez urte sendotzen ari da parte hartzea: “Guretzat egun handia da hau, kaleak beste distira bat hartzen du”, esan du auzoko tabernari batek.
Eguerdiko ekitaldiekin tripak beteta, arratsaldean ere jai giroak jarraituko du Iñaki Deuna kalean. Antolatzaileek adierazi dutenez, musikaz girotuko dute kalea, eta eguna ilundu arte luzatuko da ospakizuna.
Urteroko moduan, Ondarroako kaleek argi erakutsi dute auzolana eta kultura herrikoia uztartuta, festa bizitzeko modu berezia dutela.


































