Itsasoan ere festa: Bela estropada soziala egin zuten Lekeition Lekitto 700 ospakizunen baitan
Hego Haize Bela elkarteak antolatuta, 20 belaontzik parte hartu zuten zapatuan eginiko lasterketan. Tico ontzia izan zen irabazlea.

Lekeitioko uretan festa giroa nagusitu zen zapatuan, Lekitto 700 ospakizunen harira antolatutako bela estropada sozialari esker. Hego Haize Bela elkarteak antolatuta, hirugarren urtez jarraian egin zuten lasterketa, eta edizio berezia izan zen aurtengoa, herriaren sortzearen zazpigarren mendeurrenaren egitarauaren baitan egin baitzen.
Aure Medina antolatzailearen hitzetan, «udalarekin elkarlanean» prestatu zuten ekimena: «Aurtengo edizioa berezia izan da Lekitto 700 ospakizunaren baitan ospatu baitugu, baina aurtengoa jada hirugarren edizioa da».
Hasiera batean hamasei ontzik eman zuten izena, baina azken orduko parte hartzeei esker, guztira 20 belaontzi izan ziren lehian. Bertako zein nazioarteko belaontziak elkartu ziren, eta lehiakortasuna alde batera utzi gabe, giro soziala eta elkarlana izan ziren nagusi.
Sei milia nautikoko ibilbidea egin zuten parte hartzaileek. Lekeitioko irla paretik abiatu, Santa Katalinako itsasargia igaro eta Ogellara arteko bidea egin eta Ondarroako noranzkoan jarraitu zuten parte hartzaileek biratu beharreko boiara iritsi arte. Bueltan bide bera egin zuten atzera, helmuga berriz Lekeition jarrita.
Azkenean, Tico ontzia izan zen irabazlea, Rafa Zeñigaren gidaritzapean. Freebooter izan zen bigarren sailkatua, Ibon Galarraga patroi zuela; eta Kulixka, Eli Sagastaren zuela patroi gisa, sailkatu zen hirugarren tokian.
Antolatzaileek argi utzi dute datorren urtean ere lasterketa antolatzen jarraitzeko asmoa dutela: «Proiektu honek itsas kultura sustatzen laguntzen du, eta herritarrek oso ondo hartu dute. Datorren urterako ere lanean jarraituko dugu».