"Mutrikura bueltatzea beti da berezia; asko zor diot herriko jendeari"

Tomorrowland jaialdi entzutetsuan jo ostean, DJ Rikki-k (Mutriku, 1995) etxera itzuli eta jaietan aritzeko aukera izan du berriki. Bartzelonan bizi da egun, eta musika elektronikoaren munduan bide sendoa egiten dihardu, bai nazioartean, bai Euskal Herrian.
Mutrikuk zer-nolako lekua du zure ibilbidean?
Mutrikura bueltatzea jotzeko, orain gainera Bartzelona aldean bizi naizela, beti da oso berezia. Tomorrowlanden jotzeko aukera izateko lehiaketa irabazi nuenean, herriko jendearengandik jaso nuen babesa gakoetako bat izan zen. Nik ahal nuen ondoen egin nuen, baina herriaren babesa beti egon zen hor. Herriko jendea asko inplikatu zen: hondartzan, Flhyschgainen… jendea zuzenean ikusten zegoen lehiaketa, eta horregatik asko zor diot Mutrikuko jendeari. Horregatik, herrira bueltatzen naizen bakoitzean oso berezia izaten da.
Zer-nolako harrera egiten dizu herriak etxera bueltatzen zarenean? Atmosfera berezirik igartzen duzu?
Bai, bai. Herrian jotzen dudan bakoitzean, aurten adibidez, ‘play’ botoiari sakatu bezain laster jendea zarata handi batean hasi zen. Eszenatokira igo nintzenean, nire kamisetekin zeuden hainbat lagun ikusi nituen. Energia oso ona igartzen dut beti; jendea nirekin konektatuta egoten da. Hori baino ezer hoberik ez dago. Oso berezia da, eta pilo bat gozatzen dut.
Musikaren munduan aurrera egin ahal izateko, Mutrikutik kanpora irten beharra izan duzu. Nolakoa izan da zure ibilbidea?
Ni aisialdiko ekintza bezala hasi nintzen DJ lanetan. Tomorrowlandeko txartela irabazi nuen arte ez nuen serio-serio hartu. Aurretik ere asko jo izan dut Mutrikun eta inguruan, baina ez zen sekula izan nire lanbidea, eta gaur egun ere ez da. Ingalaterran bizi izan nintzen Bizkaiko Foru Aldunditik jasotako beka bati esker, eta han ikasketak burutu nituen. Covidaren ondorioz Euskal Herrira bueltatu nintzen, eta gero Bartzelonan topatu nuen lana, ingeniari moduan.
Bai da egia, musika munduak ere bultzatu ninduela Bartzelonara joatera. Han kontzertuak eta bestelakoak lotzea errazagoa baita. Euskal Herrian beste genero batzuek ikusgarritasun handiagoa dute, eta horrek ere eragin zuen Bartzelona aukeratzeko. Hala ere, gero eta gehiago estimatzen da hemen ere musika elektronikoa. Jaietan jo dudanean, adin ezberdinetako lagunak etorri zaizkit esatera pila bat gozatu zutela. Saioetan ahotsak sartzen saiatzen naiz, elektronikarekin uztartuz, eta horrek publiko zabalarentzat gozagarri bihurtzen du.
Talentu asko dago inguruan, baina kontakturik gabe zaila da aukera bereziak izatea. Nire helburua da oholtza hori eskaintzea
Zein da ematen diezun aholkurik nagusiena musikan hasi nahi duten gazteei?
Ni bederatzi urterekin hasi nintzen musika ikasten: Mutrikuko musika bandan, tronpeta jotzen. Solfeoa eta oinarrizko musika ezagutzak gaitasun handiak ematen dizkizu DJ izateko. DJ mota asko dago, baina asko igartzen da DJ batek musika ikasi duen ala ez. Nahasteak egitean, ekoizle moduan, ezberdintasun handia dago.
Eta bestetik, benetan gustatzen bazaizu, jar zaitez eta ez gelditu. Txikitatik izan naiz David Guetta eta antzekoen oso zalea. Gogoratzen naiz hamar urte nituela, lagunek bestelako musika entzuten zuten bitartean, nik Emule eta Aresetik musika elektronikoa deskargatzen nuela CDak egiteko. Uste dut pasio hori beharrezkoa dela. Tomorrowlandeko lehiaketa irabazi nuenean, bertako jendeak eta Dimitri Vegasek berak ere esaten zidaten aurpegian igartzen zitzaidala pasio berezi bat. Horixe erakusten saiatzen naiz beti kontzertuetan.
Kolaborazio asko egin dituzu. Zein izan da zuretzat bereziena?
Zori onez, aukera izan dut kolaborazio asko egiteko, baina bi bereiziko nituzke. Lehenengoa, Sunday kantua, Sunerekin egina. Spotify-n atera nuen lehen kantua izan zen, euskaraz, eta oso berritzailea izan zen Euskal Herrian. Hemen badugu musika elektronikoa, baina ez da Europako artistak —Avicii edo Martin Garrix, adibidez— egiten dutenaren parekoa. Sunday-k maila hori ekarri zuen, eta gainera, Tomorrowlanden euskarazko kantu bat entzuteko aukera eman zuen. Sekulako babesa izan zuen, eta Gazteako udako kanta izan zen 2022an.
Bigarrena, aurten atera dudan Drowning da. Kantu horrek nire bizitzako etapa gogor bat kontatzen du, eta lagundu dit hortik irteten. Gainera, kanta bidali nion Sikdope DJ ezagunaren manager bati. DJ horren kantuak jotzen nituen aspaldidanik, eta haiei gustatu zitzaien kantua. Horrela, elkarrekin kolaboratzeko aukera izan genuen, eta Revealed Recordings zigiluarekin atera dugu kanta —Hardwellen zigilu ospetsua da. Los 40 Principalesen agertu da, eta hainbat DJ ezagunek jo dute euren festibaletan eta irratsaioetan. Niretzat sekulako ohorea da.
Etorkizunera begira, zer proiektu dituzu esku artean?
Orain nire foku guztia musika berria sortzean dago: Spotify-n eta sareetan kanta gehiago izatean. Kontzertuei dagokienez, ez dut oraingoz data berririk itxita, baina bai joko dut jai pribatu batzuetan. Eta primizia modura esan dezaket: pentsatzen ari naiz Bartzelonako diskoteka handiren batean jai berezi bat antolatzea. Ikusi dut ez dagoela musika elektronikoko genero ezberdinak gau berean fusionatzen dituen jairik, eta nik hori egin nahiko nuke. Horrez gain, musikan lehen pausoak ematen ari diren artistei oholtza bat eskaini nahi diet. Talentu asko dago inguruan, baina kontakturik gabe zaila da aukera bereziak izatea. Nire helburua da oholtza hori eskaintzea.