Gailurren eta abenturen hilabetea iragarri du Aurrera Mendi Taldeak
Irailean eta urrian egingo ditu Ondarroako taldeak aurtengo lau jarduerak; mendizaleentzat eskaintza zabala izango da

Aurrera Mendi Taldeak Mendi Hilabetearen hirugarren edizioa aurkeztu du. Irailean eta urrian egingo dituzte aurtengo jarduerak, eta guztira lau ekintza prestatu dituzte, mendizaletasunaren inguruko ikuspegi desberdinak uztartuz.
Lehen jarduera irailaren 27an izango da: Tontorramendiko igoera bertikala. Aurtengoa hamabigarren aldia izango da, eta gaztetxetik tontorramendiko gailurrera egingo da lasterketa, eguerdiko 12:00etan hasita. Ohiko moduan, herriko mendizale zein lasterkarien artean harrera beroa izatea espero da.
Urriaren 10ean izango da bigarren ekitaldia. “Izar gorri, mamuon betiko argi” bideo emanaldia eta solasaldia egingo dituzte, arratsaldeko 19:00etan. Bertan izango dira Ekaitz Maiz, Josu Linaza, Oier De la Fuente eta Markel De la Fuente mendizaleak, udaberrian espedizio gogoangarria egin zuten lau euskaldunak. Izan ere, Karakorumeko Sosbun glaziarraren inguruko haran ia ezezagun batean, Mun Brakk II (5.430 metro) mendira lehen igoera absolutua egin zuten. Bigarren saiakeran, Ekaitz Maizek eta Markel De la Fuentek “Izar gorri, mamuon betiko argi” izena jarri zioten bide zorrotza amaitzea lortu zuten: 1.140 metroko bidea, M4 eta 7b zailtasunarekin.
Hirugarren hitzordua urriaren 17an izango da. Kirol psikologiaren arlora hurbilduko dira oraingoan: Itxasne Blanco kirol psikologoak “Kirol psikologiak gure errendimenduan duen eragina” izeneko hitzaldia eskainiko du. Hitzordua irekia izango da, eta gorputzaren prestakuntza fisikoaz harago, buruko prestakuntzaren garrantziaz jardungo dute.
Amaitzeko, urriaren 18an Mendi buelta egingo dute, oinez zein bizikletan. Ibilbidea Ondarroako Alamedatik abiatuko da goizeko 9:00etan, eta jardunaldiari amaiera emateko, “merendola” bat egingo dute parte hartzaile guztientzat.
Aurrera Mendi Taldeak azaldu duenez, “urtero lez irailetik hasita, mendiarekin lotutako ekintzak egingo ditugu herrian”. Egitaraua zabalik dago herritar guztientzat.