Izurde bat hilda agertu da Ispasterreko Ogeia hondartzan

Abuztuaren 4ko arratsaldean agertu zen izurdearen gorpua, itsas mareek hondartzara ekarria. Marradun izurde bat zen, euskal kostaldean urte guztian zehar ikusi ohi den espeziekoa.
Ogeia hondartzan aurkitu zuten izurde hila, Ispasterren. Itsasertzera iritsi zen abuztuaren 4ko arratsaldean, mareen eraginez. Inguruko herritar batzuek eman zioten gertaeraren berri gurutze gorriari.
Hildako animalia marradun izurde bat zen (Stenella coeruleoalba), euskal kostaldean urtaro guztietan ikus daitekeen espezie bat. Bi metro baino gehiagoko luzera zuen, eta 150 kilogramo inguruko pisua. Normalean, kostaldetik 10 eta 15 itsas milia arteko distantzian ibiltzen dira izurde mota horiek, baina batzuetan hurbildu egiten dira, itsas baldintzek hala eraginda.
Oraingoz ez da jakinarazi izurdea hiltzearen arrazoia. Hala ere, azken urteetan, hainbat alditan agertu dira itsas animalia hilak euskal kostaldeko hondartzetan, eta adituek ohartarazi dute klima aldaketak, kutsadurak eta arrantza jarduerek eragina izan dezaketela.