Ondarroako pala txapelketako finalerdiak hasiko dira gaur
Lehen eta bigarren mailako lehen finalerdiak jokatuko dira arratsaldean, 19:00etatik aurrera. Bihar beste bi partida izango dira, finalerako sailkatu nahi duten bikoteekin.

Gaur arratsaldean hasiko dira Ondarroako pala txapelketako finalerdiak, eta lehen bi partidak jokatuko dira. Ondarroako frontoiak pala zale ugari bilduko ditu 19:00etatik aurrera, finalerako sailkapena jokoan izango duten lau bikoteekin.
Bigarren mailako lehia jokatuko da lehenik: Yassin-Casais bikote ondarrutarrak Anitua-Mako bikotearen aurka jokatuko du. Bi bikoteek zuzenean eskuratu zuten finalerdietarako txartela, eta gaurko irabazleak final handian izango du lekua. Yassin-Casais bikotea da, gainera, bigarren mailan bizirik dirauen bikote ondarrutar bakarra. Joan den urteko txapeldunak Orma III eta Igor Iriondo izan ziren.
Lehen mailari dagokionez, Jonpu-Epermendi eta Liher-Zabala arituko dira elkarren aurka. Partida horrek ikusmin handia piztu du, joan den urtean finalerdietara iritsi zen Jonpu-Epermendi bikotea berriz ere sailkatu baita. Bestalde, jada bi aldiz Ondarroako txapela eskuratu duen Zabalak beste aukera bat izango du aurten, oraingoan Liherrekin batera. Amorotoko bikoteak maila handia eman zuen final laurdenetan, eta ikusmin handia sortu du gaurko partidaren atarian.
Bihar jokatuko dira beste bi finalerdiak. Bigarren mailan, Kakas-Kasper eta Gaztelu-Leturiaga neurtuko dira. Lehenengoak 16-25 irabazi zioten Orma II -Lenitz bikoteari final laurdenetan; Gaztelu eta Leturiaga, berriz, estuago pasatu ziren, baina 23-25 gailendu ziren Olano-Ametsa bikotearen aurka.
Lehen mailan, Txirloi-Mendibe eta Etor-Ion izango dira aurrez aurre. Etor eta Ion bikoteak Orma III-Barru garaitu zituzten final laurdenetan (25-13), eta Txirloi-Mendibek, berriz, erakustaldi ikusgarria eman zuten Kaltzakorta-Varela bikotearen aurka (25-9). Emaitzak ikusita, partida borrokatuak eta entretenigarriak izango direla aurreikusten da. Horrez gain, lehen mailako finalean Ondarroako pilotariren bat egotea ziurtatuta dago jada.