Palmeras Negras taldearen soinua, Betepaetaren denboraldiko lehen oihua
Palmeras Negras talde almeriarra Ondarroako Gaztetxean arituko da bihar, Betepaeta kolektiboaren eskutik; kontzertuak denboraldi berri bati hasiera emango dio.

Palmeras Negras talde almeriar gaztea Ondarroako Gaztetxeko oholtzara igoko da bihar (abuztuak 7), Betepaeta kolektiboak antolatutako kontzertu berezi batean. Kontzertua 21:30ean hasiko da, eta sarrera 5 eurotan egongo da eskuragarri, atean bertan.
Palmeras Negras taldearen musika estiloa sailkatzea ez da lan erraza. Taldeak shoegaze modernoaren eta 90eko hamarkadako emoaren arteko nahasketa bat lantzen du, eta euren burua “post-todo” gisa definitzen dute. Melankolia eta Z belaunaldiaren ezaugarriak uztartzen dituzte, euren soinua identitate propio batekin osatuz.

Argazkia: Palmeras Negras
Kontzertuak, gainera, badu bestelako garrantzirik ere: Betepaeta kolektiboaren kontzertu-denboraldi berriari hasiera emango dio. 2023an sortua, Betepaeta Ondarroako musika alternatibaren eszenan eragiten ari den kolektibo autogestionatua da. Ordutik hona, hainbat kontzertu antolatu dituzte herriko gaztetxean, eta bertako nahiz inguruko taldeei eta bakarlariei laguntza eskaintzen diete.
Kolektiboa feminismoan, zaintzan eta DIY (Do It Yourself) filosofian oinarritzen da, eta euren jarduna merkatu logiketatik at eta autogestioan kokatzen dute. “Diskoetxe komertzialetatik eta logika kapitalistetatik at, talde bat kolektiboki aurrera atera daitekeela erakutsi nahi dugu”, adierazi dute sare sozialen bidez.
Betepaetak, beraz, musika sortzaileei espazio babestu eta kolektibo bat eskaintzeaz gain, tokiko kultur jardunaren aldeko apustu sendoa egiten du. Bihar Ondarroan biziko den kontzertuak kolektiboaren filosofia eta eguneroko lana oholtzara eramango ditu, Palmeras Negrasen soinua lagun.