San Lorentzo eguna ospatuko dute Asterrikan eta Zuberon

Domekan (abuztuak 10), San Lorentzo eguna ospatuko dute Berriatuko Asterrika auzoan eta Aulestiko Zubero auzoan. Bi auzoek egitarau oparoa prestatu dute domekako ospakizunetarako, eta auzotar zein bisitarientzat eguna giro onean pasatzeko osagai guztiak izango dituzte.
Asterrikan, eguerdian emango diete hasiera ospakizunei: 12:00etan meza izango da, eta, jarraian, ikurrinaren igoera eta aurreskua egingo dituzte. Dantza Zerutxu Dantza Taldeko kideek eskainiko dute. Ondoren, herri kirol ikuskizuna egingo da plazan, eta parte hartzaileak honakoak izango dira: Ernesto Ezpeleta “Bihurri”, Aritz Abendibar, Urdax Magunazelaia eta Mikel Agirre. Marije Ituarte ariko da esatari lanetan. Eguerdiko ekitaldien ostean, Izarra eta Gorka trikitilariek giroa alaituko dute.
Arratsaldean, 16:30etik aurrera, umeek jolasetan eta txokolatadan parte hartzeko aukera izango dute. 19:30ean, berriz, bertso saioa izango da: Miren Amuriza eta Onintza Enbeita ariko dira bertsotan, Amaia Errasti gai-jartzaile izango dela. Bertso saioaren ostean, Lea-Artibaiko produktuen zozketa egingo dute. Eta egunari amaiera jartzeko, Elepunto DJ-ak musika jarriko du auzoko plazan.
Zubero auzoak ere ez du hutsik egingo San Lorentzo egunean. Meza egingo dute han ere 12:00etan, eta ostean, txapel jaurtiketa lehiaketa antolatu dute. Arratsaldean, 17:00etan, mus txapelketa hasiko da, eta 17:30etik aurrera, berriz, umeentzako jolasak eta txokolatada egongo dira. Jaiari amaiera emateko, Mirari eta Lutxurdio ariko dira erromerian, 19:30etik aurrera.