Harmailak bero, pilota sutan
Anitua-Mako eta Zabala-Liher nagusitu ziren zapatuan jokatutako bigarren eta lehen mailako finaletan, giro bero eta jendetsuaren erdian.

Ondarroako pala txapelketaren azken kapitulua bizi izan zen zapatuan. Lehen eta bigarren mailako finalak jokatu ziren frontoian, eta, eguraldi beroarekin batera, giro ikusgarria sortu zen herrian. 18:30ean hasi aurretik ere, harmailak lepo beteta zeuden.
Bigarren mailako finalean, Kakas-Kasper eta Anitua-Mako bikoteak neurtu zituzten indarrak. Erritmo biziarekin hasi zen partida, eta Anitua-Makok agindu zuten hasieratik. Kakas-Kasper bikoteak ez zuen lortu mamuak uxatzea, eta ondorioz ez zuten euren jokoa eroso ezarri, nahiz eta bigarren zatian buelta ematen ahalegindu. Anitua eta Makok lanak ondo eginda, 25-21 nagusitu ziren, eta bigarren mailako txapela jantzi zuten.
Lehen mailako finalean, txapelketako bi bikote indartsuenek topo egin zuten: Zabala-Liher eta Txirloi-Mendibe. Lehen tantoetan elkarren indarrak neurtzen hasi ziren, pilotaren aukeraketarekin jolastuz. Txirloi eta Mendibek Liher nekatu nahian jokatu zuten, eta Txirloik ezkerrarekin egindako hormabikoek lehen tanto ikusgarriak ikusteko aukera eman zien gerturatutakoei. Baina Zabala eta Liher ez ziren kikildu: atzelariak defentsa bikaina egin zuen, pilotakada guztiak eutsiz, eta Zabalak erasorako indar berezia erakutsi zuen aukera izan zuenean. Partida borrokatuaren ostean, Zabala eta Liher izan ziren nagusi, eta Amotoko bikoteak eskuratu zuen txapela. Horrela, Bizkaiko txapeldunek 2025eko Ondarroako garaikurra ere soinean eramango dute.
Frontoitik irteterakoan, txalo zaparrada artean agurtu zituzten zaleek finaletako protagonistak, Ondarroako pala zaleek biziki gozatutako zituzten zapatuko finalak.