«Ondarroa da nire paisaia sentimentalik hurbilena»

Ondarroako Santa Maria elizaren hormetan eta pinakuluetan ikus daitezkeen “kortxeleko mamuk” izeneko irudi harrigarriek Txomin Badiola (Bilbo, 1957) eskultore eta idazlea liluratu dute. 40 urte baino gehiago arte plastikoan jardun ondoren, fikziora egin zuen salto eta orain Mamuk eleberriarekin datorkigu. Artelan horien atzean dagoen istorioa, benetakoa eta asmaturikoa uztartuz, irakurlearen esku nobela izugarri bat utzi du.
Eskulturaren mundutik zatoz, baina orain Mamuk eleberriarekin idazle modura ezagutu zaitugu. Zerk bultzatu zintuen fikzioa idaztera?
40 urte baino gehiago eman ditut arte plastikoaren munduan, baina beti uztartu izan dut idazketarekin: saiakerak, katalogoetarako testuak… Hala ere, duela 7-8 urte arte ez nintzen fikzioan murgildu. Orduan hasi nintzen, eta hau da nire hirugarren eleberria. Batetik, 40 urteren ondoren beste esperimentazio-eremu batzuk arakatu nahi nituen; bestetik, arte plastikoaren egoera gaur egun oso itxia iruditzen zait. Reina Sofian atzera begirako erakusketa handiak egin eta nire etapa plastikoa ixtean, idazketa eremu interesgarri berri bat iruditu zitzaidan.
Kontaiguzu zertxobait Mamuk lanaz. Nolakoa da istorioa? Zure antzik duen pertsonaiarik bada?
Eleberriak hiru atal ditu, modu nahasian kontatuak, baina guztiak Ondarroan kokatuak, Santa Maria elizaren inguruan eta han dauden irudi eskultorikoetan. Alde batetik, erdi aroko istorioa dago: Borgoñako maisu bat etortzen da aurreko maisu batek hasitako lana bukatzera, eta, hainbat gorabeheraren ondoren, “kortxeleko mamuk” ezizenarekin ezagutzen diren irudi bereziak egiten ditu. Maisu horren agerpenak herriko bizitza politikoa, artistikoa eta soziala astintzen du.
Bigarren lerroan, gaur egungo istorio bat dago: izenik gabeko pertsonaia bat, nolabait nire alter egoa baina guztiz fikzionatua. 40 urteren ostean herrira itzuli, eta sentimendu nahasiak ditu: alde batetik oso ezaguna den paisaia bat, baina bestetik guztiz arrotza ere bai.
Eta hirugarren atal gisa, liburuaren barruan badira poemaren antzera idatzitako zati batzuk, non idazleak berak bi istorio horietan zuzenean esku hartzen duen.
Liburuan “mamuk” aipatzen dituzu, harrizko mamu horiek. Zuretzat zer ordezkatzen dute eskultura horiek?
Erdi Aroko istorioak fikziozko kontakizun bat eraikitzen du, garaiko errealitate historikoetan oinarritua: nortzuk ziren irudi horiek, zergatik jarri zituzten elizaren sarreran edo pinakulu altuenetan… Garai hartan iraultza kultural, politiko eta ekonomiko handia gertatzen ari zen, eta horren testuinguruan ulertu behar dira.
Kortxeleko mamuk galtzea krimen hutsa litzateke
Noiz eta nola sortu zitzaizun Ondarroan oinarritutako nobela hau idazteko ideia?
Nire amama ondarrutarra zen, eta jaio nintzenetik 20 urtera arte uda guztiak bertan igaro nituen. Bilbon jaioa banaiz ere, Ondarroa da nire paisaia sentimentalik propioena. Baina 40 urteren ondoren itzuli nintzenean —munduan barrena bizi izan naiz—, batetik paisaia emozional horren zati handi bat mantentzen zuen herria aurkitu nuen; bestetik, orduan ezagutzen nuen jendea guztiz desagertua zegoen. Hurbiltasun eta arrotztasun horren arteko gatazkak piztu zuen liburua, gatazka hori ulertzeko eta, neurri batean, idazketaren bidez baretzeko beharrak.
Elizako irudien artean, ba al dago zure gogokoenik?
Ez dut bereziki gogoko bakar bat. “Mamuk” izenaren barruan elizako prozesio osoa eta inguruko gargolak sartzen ditut. Goi Erdi Aroko lan ikusgarriak dira. Liburuaren azalean dagoena, adibidez, harpia bat da, hegoaldeko fatxadan, leiho brorobilaren gainean, pieza zoragarria. Prozesioko irudi guztiak artistikoki bikainak dira. Iparraldeko fatxadan ere badira interes handiko piezak. Gotikoan, gargolen altueran, bekatua eta gaizkia irudikatzen ziren gehienetan; baina bada figura bitxi bat: haur bat besoetan duen ama bat, jolasean bezala, dragoi eta otsoen artean. Agian, garai hartan lizunkeriaren bekatua irudikatzen zuen ama bakarra izango zen. Eskultura zoragarria da, nahiz eta kontserbazio-egoera oso txarra izan. Horrelako lanak ez dira nonahi aurkitzen: Lekeitioko edo Debako elizen portadak asko aipatzen dira, baina ez dira Ondarroakoaren kalitatearen parekoak. Hori galtzea krimen hutsa litzateke.