Ondarroako Arraun Elkartearen eta entrenatzaileen aurkako margoketak agertu ostean erantzuna plazaratu dute

Joan zen barikuan, abuztuaren 8an, Ondarroako hiru tokitan Arraun Elkarteko entrenatzaile eta kideen aurkako pintadak agertu ziren. Idazki anonimoek sare sozialetan oihartzun handia izan zuten, eta mezu zuzenak zekartzaten, hala nola: «arraunak gaxotu etxendau», «arraunlaxak di ez zuen pixuko numeruk» edota «zuen metodu pixati bara, ezaze arrauneko entrenadorik gordofobuk zaze».
Lehen erreakzioak emakume arraunlarien eskutik iritsi ziren, klubeko sare sozialetan argitaratutako adierazpen baten bidez. Nabarmendu zutenez, ez dute inolako loturarik margoketa horiekin.
Asteburuko estropaden ostean, Ondarroa Arraun Elkarteak ere adierazpen ofiziala plazaratu du gaur (abuztuak 11) sare sozialetan. Pintadak gaitzetsi, eta taldearen balioak defendatu ditu zuzendaritzak:
«Ondarroa Arraun Elkartea herriko eta kanpoko familietan belaunaldiz belaunaldi errotu den kirol eragilea da. Beti defendatu ditugu errespetua, elkarlana eta guztiontzako ateak zabalik izatea. Gazte mailetatik hasita inklusioa eta berdintasuna ardatz hartuta egiten dugu lan urte osoan. Ez gara inolaz ere gordofoboak, eta ez dugu diskriminazio edo mespretxurik onartzen, hare eta gutxiago anonimotasunetik datozenean».
Era berean, entrenatzaileen lana goraipatu dute, balio hezitzaileak nabarmenduz: diziplina, konfiantza eta talde izaera, emaitzetatik harago. Zuzendaritzak Eneko Azkarate, Iñaki Errasti eta gazte mailetako teknikarien «konpromiso eta profesionaltasun osoa» aitortu, eta babesa adierazi die.
Azkenik, herriari eta zaleei eskerrak eman dizki asteburuan jasotako babesagatik, eta “herriko arraunaren alde lanean jarraituko” dutela azpimarratu zuten.