Bihar zabalduko dute Ondarroako txosnagunea, Gazte Egunean

Egun bat besterik ez da falta Ondarroako Andra Mari jaien barruan Onoren Txosna batzordearen gunea irekitzeko. Bihar (abuztuak 13), Gazte Egunean zabalduko dituzte ateak, eta bost egunez izango da zabalik: hilaren 13tik 17ra, ohikoa den moduan.
Txosna batzordeko kideak buru-belarri aritu dira azken egunetan muntaketa lanetan, dena prest izateko biharko irekierarako. 19:00etan emango diote hasiera egitarauari, eta ordubete geroago Mugi panderoa taldeak giroa berotuko du erromeriarekin. Gauean, hiru kontzertu iragarri dituzte: Rodeo Stonerband, Dena eta Satelite Bat.
Aurten, gainera, txosnaguneak leku aldaketa izango du: plaza musikatik Kafeko Atzera eramango dute, plaza musikaren egoera dela eta. Batzordeak gaur bergogorarazi du aldaketa hori sare sozialen bidez.
Onoreneko kideek bideo baten bidez azaldu dute erasoen aurkako protokoloaren funtzionamendua, eta jaietan gune seguru bat bermatzeko konpromisoa berretsi dute: “Ez dugu onartuko inolako eraso matxista, homofobo, transfobo edo arrazistarik. Horrelako bat ikusten bada, hurbildu barrara. Guztion inplikazioa beharrezkoa da: elkar zaintzea eta errespetua ezinbestekoak dira jaiak denon artean gozatzeko”.
Halaber, produktu sionistak boikotatzeko erabakia hartu dute aurten: ”Ez izan genozidioaren konplize. Israel apurtu, Palestina askatu!”.