"Borroka feminista transfeminista izango da edo ez da izango"
Andra Mari jaien atarian, eraso matxista, transfobo eta arrazisten aurrean autodefentsa feminista aldarrikatu zuten atzo Ondarroako Mugimendu Feministako kideek.

Herriko jai nagusien aurretik, atzo arratsaldean (abuztuak 11) elkarretaratzea egin zuen Ondarroako Mugimendu Feministak alamendan, «eraso ororen aurrean autodefentsa feminista» aldarrikatzeko. 19:00etan batu zen jendea, Andrabandaren doinuek eman zioten hasiera elkarretaratzeari, eta egonaldiaren ostean, mugimendu feministak, jaien harira egindako irakurketa kolektiboa plazaratu zuen. Aldarrikapen oihuak nagusitu ziren bukaeran.
Antolatzaileen hitzetan, helburua argia izan zen: «Andra, trans eta bollerok jasaten ditugun erasoak salatzea, eta jaietan zein egunerokoan erantzuteko prest gaudela adieraztea». Testuan gogor egin zuten misoginia, matxismoa, transfobia eta arrazismoaren aurka, eta sistema «zishetero patriarkal kapitalista» salatu zuten. «Bukatu dira justifikazioak. Sistema iraultzeko subjektu politiko aktibo izatera behartzen gaituzue, eta aktiboki eta kolektiboki erantzungo diogu», nabarmendu zuten.
Era berean, eraso transfobo eta arrazisten salaketa irmoa egin zuten, eta mezua zuzendu zioten jarrera baztertzaileak dituztenei: «Borroka feminista transfeminista izango da edo ez da izango. Terf, ez daukazu lekurik gure borrokan».
Elkarretaratzean, eraso ororen aurrean «autodefentsa feminista eta transfeminista» baliatzeko konpromisoa berretsi zuten, eta jaien hasiera bezperan herriari erakutsi zioten mugimendu feminista antolatuta eta bizirik dagoela. «Ez dugu onartuko konplizitaterik, ez ixiltasunik. Ez gara nekatuko interpelatzeaz», esan zuten.