Erkiaga, etxean txapela janzteko irrikan

Lekeitioko Udako Master Seriesa aurkeztu dute, eta ligako izen handienak arituko dira abuztuaren 23an eta 30ean Santi Brouard pilotalekuan.
Lekeitiok bere lekua egin du zesta-puntaren egungo panoraman, eta aurten ere bi Master Series antolatu ditu. Udaberrikoaren ostean, abuztuaren 23an eta 30ean iritsiko da udako txapelketa, zirkuitutik kanpokoa, baina ligako pilotari onenekin.
Izar guztien artean, etxean jokatuko duen Aritz Erkiaga izango da arreta-gune nagusia. Aste Santuan Lekeitioko txapela jantzi zuen, eta udan ere garaipena errepikatu nahi du herriko frontoian. Denboraldi ikusgarria egiten ari da Erkiaga: bi Grand Slam (Winter Series eta Bilboko Iron Cup) eta sei Master Series irabazi ditu, eta jokatutako partiduen %76ean gailendu da.
Finalerdietan, ligako lidergoan gehien estutu dion aurkariaren kontra ariko da: EƱaut Urreisti mutrikuarraren kontra, Jon Zabalarekin bikote eginda. Beste bi bikoteak ere maila gorenean daude: Goitia-Lekerika eta Barandika-Ibarluzea.
Santi Brouard pilotalekua izango da norgehiagokaren eszenatokia, joko bizia eta giro beroa bermatzen dituen kantxa da Lekeitiokoa. Abuztuaren 23an jokatuko dira finalerdiak, eta hilaren 30ean final handia. Sarrerak dagoeneko salgai daude www.eramanjaialai.com webgunean.