Turubiren jaitsierak eta txarangaren doinuek eman diote hasiera Gazte Egunari

Ondarroako Gazte Egunak eman dio hasiera herriko jai nagusiei gaur goizean. Goizeko lehen orduetatik kaleak kolore horiz jantzi dira, aurtengo kamiseta soinean dutela ibili baitira herriko gazteak. Kamiseten salmentarekin abiatu da egitaraua 11:00etan, Ondarroako Gazte Asanbladak gaztetxean jarritako postuan. Ordua baino lehen ilarak sortu dira atarian, eta urtero bezala, azkar agortu dira. Aurtengo kamiseta horiak indar polizialen inguruko mezua darama: «Zipaiuk txosnetan barabiz gaztiok… gabiz. A kakatzan, C amorratute, A bauan, B eranzun guztik ondo daz».
Eguerdia iristean, kalejirak hartu du lekukoa. 12:00etan, Turubik herrirako bidea hartu du, eta jeitsi ostean txarangarekin batera, herriko kale guztiak girotu dituzte. 13:30ean, Palestinarekiko elkartasun argazkia atera da, eta 15:00etan bazkaria egingo dute Plazagaini jantokian: marmitakoa, entsalada eta postrea izango dituzte bazkariko txartela dutenek. Antolatzaileek bergogorarazi dute edalontziak etxetik eramatea ezinbestekoa dela.
Arratsaldean, jaiak ez du etenik izango: 17:00etan jolasak, 19:00etatik aurrera txosnagunearen irekiera eta 20:00etan Mugi Panderoaren erromeria izango dira. Gauerdian, kontzertuak: Rodeo, Dena eta Satelite Bat igoko dira oholtzara. Gainera, 19:00etatik 22:00etara Gune Morea egongo da txosnagunean. 22:00etan Kresala Kultur Elkarteak antolatutako danborrada hasiko da Ibaiondotik, herriko kaleetan zehar.
Hitzak egun osoan zehar eguneratuko du jaietako argazki galeria, egitarauko ekitaldiak aurrera doazen heinean.






























































































































































































































