Ezkilak eta txapliguak piztuko dute Milloiko jai giroa Berriatuan

Berriatuko Milloi auzoan Antolin Deunaren omenez ospatuko dituzte jaiak datozen egunetan. Abuztuaren 29tik irailaren 2ra bitartean izango dira ekitaldi nagusiak.
Barikuan (abuztuak 29) emango diote hasiera festari, 20:00etan ezkilak, txapliguak eta ikurrin igoera egingo baitira. Ondoren, 20:30ean, XXVIII. mus txapelketa jokatuko dute, 300 euro eta txapel handia saritzat daudelarik. Gau partean, 23:00etan, musika izango da nagusi: Obego talde mutrikuarra, Slavers eta Addar igoko dira oholtzara, eta DJ Elepunto ondarrutarrak itxiko du egitaraua.
Domekan (abuztuak 31), 12:00etan hasiko da Sustabiz fundazioak antolatutako herri kirol ikuskizuna. 13:30ean, berriz, klasiko bihurtu den XXIII. triatloi berezia egingo dute: korrika, bizikletan eta motorrez arituko dira parte hartzaileak. Ondoren, bertsoek hartuko dute plaza: Uxue Alberdi eta Ane Labaka ariko dira. 14:30ean auzo elkartean bazkaria egingo dute, txosnan jaso ahal izango diren tiketekin. Bazkalostean, berriro ere Alberdi eta Labakaren bertso saioa izango da, eta 18:00etan Iñaki Larrañaga eta Imanol Intxaustiren erromeriarekin borobilduko dute eguna.
San Antolin egunean, irailaren 2an, ez da festa giroa faltako. 12:00etan meza egingo dute, eta 13:00etan XX. txapel jaurtiketa jokatuko da. 14:00etan auzotarren bazkaria izango da. Arratsaldean, 18:00etan, XXVII. briska txapelketa jokatuko dute, 150 euro eta zapiak irabazleentzat. 18:30ean, berriz, umeentzako jolasak izango dira: duatloia, aulki jokoa eta soka-tira, besteak beste.