Motor klasiko, musika eta bertso artean ospatuko dituzte Murlako jaiak

Aulestiko Ibarrola auzoa jai giroan murgilduko da asteburuan. Abuztuaren 29an ospatuko dira Murlako jaiak.
Barikuan, goiz osoan zehar, motor klasikoen erakusketa izango da ikusgai. 12:00etan meza egingo dute, eta ondoren duatloia jokatuko dute. Markarik onenek garaikurra jasoko dute, eta emakumeen zein gizonen sailkapenetan lehen postuan geratzen direnek 70 euroko saria. Duatloiaren ostean txinga jaurtiketa egingo da, 60 euroko sariekin. Arratsaldean, 17:00etan, mus txapelketaren txanda izango da (240 euro jokoan), eta 18:00etan umeen jolasak. 20:30ean pintxo poteoarekin jarraituko dute auzotarrak, eta gaua DJ Arenenek girotuko du. Atsedenaldian, nagusientzako jolasak egingo dituzte.
Zapatuan, hilaren 30ean, “Murlako jaien errepetizioa” egingo dute, Iruzubi Fest izenarekin. 14:30ean marmitako jana izango da —izen-ematea txiringitoan edo tabernetan egin daiteke—, eta bazkalostean bertsolariek hartuko dute plaza. 18:30ean triki poteoa hasiko dute, Ainhoa Iparragirre trikitilari ondarrutarraren eskutik. Amaitzeko, 20:30ean Berun taldearen kontzertua izango da.